Alegian atxilotu dute oinezko bati sexu-abusuak egiteagatik

Publicado: viernes, 16 marzo 2018 16:15

DONOSTIA, 16 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzako agenteek 20 urteko gazte bat atxilotu zuten atzo arratsaldean Alegian, herriko kalean zebilen emakume bati sexu-abusuak egitea leporatuta. Ostegun arratsaldeko ordu bi eta erdiak aldera, emakume batek SOS Deiak 112 larrialdietako zentrora egindako dei bati esker, herritarren babeserako patruila batek Alegian gertatutako sexu-abusu batzuen berri izan zuen, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Agenteak berehala joan ziren Alegiara, eta biktimarekin harremanetan jarri ondoren jakin ahal izan zuten emakumea bi aldiz gurutzatu zela gazte batekin herriko bidegorrian zihoala. Bigarren aldian txamarra igo zion atzetik eta prakak jaisten ahalegindu zen, eta emakumeak eragotzi egin zion eta gizonezkoak alde egin zuen.

Argitaratutako oharrean azaltzen denez, ertzainek gizonezkoaren deskribapen fisikoa lortu ondoren, bere bila hasi ziren eta Alegiako herrigunean aurkitu eta identifikatu ondoren, sexu-abusuak egitea leporatuta atxilotu zuten.

Atxilotua Tolosako Guardiako Epaitegira eraman dute eta aske utzi dute, hilaren 1ean eta 15ean Epaitegira agertzeko baldintzapean.