Donostia Zinemaldiak Zineman Parekidetasunaren eta Emakumeen Inklusioaren aldeko Gutuna sinatuko du 66. edizioan

Parekidetasunaren aldeko Gutuna sinatuko du Zinemaldiak
DONOSTIA ZINEMALDIA
Actualizado: martes, 18 septiembre 2018 13:52

DONOSTIA, 18 (EUROPA PRESS)

Donostia Zinemaldiak Zineman Parekidetasunaren eta Emakumeen Inklusioaren aldeko Gutuna sinatuko du igandean, irailaren 23an, eguerdiko 12.00etan Kursaaleko prentsaurreko aretoan egingo den ekitaldian.

Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosekin batera izango dira Espainiako Gobernuko presidenteorde Carmen Calvo, Kultura eta Kiroletako ministro José Guirao, Zinemaldiko Administrazio Batzordeko buru eta Donostiako alkate Eneko Goia eta Zine eta Ikus-entzunezkoen Emakumeen Espainiako Elkarteko (CIMA) presidente Cristina Andreu. Ekitaldia CIMAko presidenteorde Virginia Yagüek aurkeztuko du.

Ekimen hau 5050x2020 kolektiboak Canneseko Zinema Jaialdiko aurreko edizioan aurkeztu zuen publikoki, eta, kasu honetan, sinadura CIMAk bultzatu du, alegia, zinemaren eta ikus-entzunezkoen emakumeak ordezkatzen dituen Espaniako elkarte nagusiak.

Gutuna sinatuta, Donostia Zinemaldiak zenbait konpromiso hartuko ditu. Horrela, generoaren arabera banatutako estatistikak bilduko ditu, hautatzeko jasotako filmei buruzkoak, zein hautatutako eta programatutako filmei dagozkienak, emakumeek zuzendutako proiektuen presentziari buruzko datu fidagarri eta egiazkoak izateko.

Halaber, hautaketa eta programazio batzordeetako kideen zerrenda argitaratuko du, eta Zinemaldiko organo exekutiboak aldatzeko egutegi bat ezarriko du, egungo agintaldian parekidetasuna lortze aldera. Gainera, lortutako aurrerapenei buruzko urteko jakinarazpen bat egingo du.