Donostia Zinemaldiari buruzko irakasgaia izango du Elias Querejeta Zine Eskolak

Irakasgaiaren aurkezpena
GIPUZKOAKO ALDUNDIA
Actualizado: viernes, 23 marzo 2018 13:24

DONOSTIA, 23 (EUROPA PRESS)

Donostia Zinemaldiak berariazko irakasgaia izango du Elias Querejeta Zine Eskolaren programa akademikoan: "Zinemaldia eraikitzen". Komisariotza graduondoko ikasleek zinemaldiaren edizio baten prestaketa prozesua eta programazioa hautatzeko irizpideak ezagutuko dituzte, eta zinemaldi eredu desberdinez eztabaidatuko dute.

Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu duen zine eskolak proiektu pedagogiko berezi bat proposatzen du, Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza granduondoen bidez, eta programa horiek kontzeptualizatzeko hiru erakunde zinematografikoren ezagutza baliatu da, Euskadiko Filmategiarena, Donostia Zinemaldiarena eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarena, hurrenez hurren.

Zine eskolaren arduradunek prentsa agerraldian azaldu dutenez, Komisariotza espezialitatearen ardatza da zinema eta ikus-entzunezko arteak xede eta protagonista dituzten programazioak, argitalpenak, esku hartzeak eta erakusketak kontzeptualizatzea, kudeatzea, garatzea eta hedatzea.

Ildo honetan, Donostia Zinemaldiak berariazko irakasgaia izango du bertan, eta eskolako ikasleekin eta profesionalekin partekatuko ditu edizio baten prestaketa prozesua, denbora errealean programazioa hautatzeko irizpideak eta zinemaldi donostiarra beste hitzordu zinematografiko batzuetatik bereizten duten ezaugarriak.

EZTABAIDA FORMATUA

"Zinemaldia eraikitzen" irakasgaia eztabaida formatuan egituratuko da, eta, ezagutza transmititzeaz gain, Donostia Zinemaldiarentzat "aukera bat ere izango da", bere burua birpentsatzeko, identitate ezaugarriak berrikusteko eta ikus-entzuleei, industriari edo komunikabideetako profesionalei dagozkien estrategiak eztabaidatzeko.

Zinemaldiaren antolaketari helduko zaio komunikazio, industria, ekoizpen, marketing, teknika edo harreman publikoen ikuspegietatik, eta beste zinemaldi eredu batzuk aztertuko dira, saioetan haietako arduradun batzuek parte hartuko dutelarik.

Saioak bi ordukoak izango dira, eta urte akademiko osoan zehar egingo dira, urritik irailera. Eskolako ikastaroa irailaren 21ean hasiko da, Donostia Zinemaldia hasten den egun berean, eta 2019ko edizioaren azken egunarekin batera amaituko da, hau da, 56 asteko aurrez aurreko irakaskuntza jarduera izango da.

Zinemaldia hasten denetik ekainaren erdialdera arteko hilabeteetan, irakaskuntza atala, proiektu pertsonalaren garapena eta praktika profesionala landuko dira. Udako jardueraren ardatza praktika profesionala eta egile mintegiak izango dira, eta, azkenik, abenduan, proiektu pertsonalak defendatuko dira. Eskolan izena emateko epea maiatzaren 31ra arte irekita egongo da, eta matrikularen prezioa 3.500 euro da.