EAEko errepideek 488.000 joan-etorri espero dituzte Aste Santuko operazioan

"Gidatu, Besterik Ez" Kanpaina
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: jueves, 22 marzo 2018 14:15

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Aste Santuko trafiko operazio berezia martxoaren 28tik apirilaren 2ra bitartean egongo da indarrean, eta 488.000 joan-etorri espero dira Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) errepideetan, iaz baino %4 gehiago, baldintza meteorologikoak oinak badira.

Horrela jakinarazi du ostegun honetan Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak. Díaz de Corcuerak adierazi du Trafiko Zuzendaritzak indartu egingo duela gidatzean arreta galtzeak saihesteko mezua. Izan ere, bere hitzetan, "Euskadin hildakoak eragiten dituzten istripuen %30en eta zauritu larriak eragiten dituztenen %40en atzean arreta galtzeak daude".

Arreta galtzea Ertzaintzak 2017an erregistratutako istripu guztien %32an errepikatu zen faktorea dela kontuan hartuta, Trafiko Zuzendaritzak gidariei azpimarratu nahi die arretaz gida dezatela arreta galtzeak eta trafiko istripuak saihesteko. Horretarako, Díaz de Corcuerak Segurtasun Sailak hedatuko duen kontzientziazio kanpaina berria aurkeztu du. Kanpaina ostiralean hasiko da, eta leloa "Gidatu, besterik ez" da. Gidariak kontzientziatu nahi dira, arretaz gida dezaten eta gidatzean arretarik gal ez dezaten, batez ere sakelako telefonoarekin eta gps dispositiboekin.

Kanpaina gidariei zuzenduta dago, eta jarraipena izango du urtean zehar, nekatuta edo logurez egonez gero autoa ez hartzeko edo abiadura desegokian ez gidatzeko moduko mezuekin. Telebista, irrati, prentsa eta gizarte sareen bidez zabalduko da.

OPERAZIO BEREZIA

Martxoaren 28tik apirilaren 2ra bitartean ibilgailu dentsitaterik handiena izaten den puntuetan auto pilaketak ahal den neurrian gutxitzeko abian jarriko diren neurriak ere azaldu ditu Sonia Díaz de Corcuerak agerraldian.

Horrela, aurreikusi da Aste Santuko jaiegunetan %4 igoko direla joan-etorri luzeak EAEko errepideetan, 488.000 inguru izan arte. Zirkulazio intentsitaterik handieneko puntuak honako hauek izango dira: A-8, Kantabriako mugan; AP-8, Biriatuko ordainlekuan; AP-1ek A-1ekin bat egiten duen puntua, Armiñongo lotunean. Ertzaintzaren trafikoko 200dik gora agente arituko dira errepide nagusietako trafikoa zaintzen.

Kantabriako mugan zirkulazio intentsitate handia izaten da Ostegun Santu bezperako arratsaldean, 15.00etatik 21.00etara bitartean, eta Ostegun Santu goizean, 09.00etatik 15.00etara bitartean. Bilborako noranzkoan itzulera Pazko Astelehenean izaten da, 13.00etatik 21.00ak arte, baina azken urteotan ez da auto pilaketa handirik sortu Bizkaian; Kantabrian, aldiz, sortu izan dira autoilarak.

AP-8an, Biriatuko ordainlekuan Frantziako noranzkoan egunik zailena Ostegun Santuaren goiza izaten da, baina iaz, mugan jarritako kontrolen ondorioz, asteazken arratsaldean sortu ziren lehenengo auto ilarak, eta ostegun goizean berriz sortu ziren eta Irungo ordainlekua gainditu zuten. Ostiral Santuko goizean ere bi kilometroko auto ilarak sortu ziren. Bestalde, Pazko Astelehena jaieguna da Frantzian, eta Donostiako noranzkoan ibilgailuen zirkulazioa geldoa izan ohi da ostiralean eta larunbatean.

ARMIÑON

Arreta berezia eskatzen duen hirugarren gunea Armiñongo lotunea da, eta bertan auto pilaketak sor daitezke A-1etik AP-1era sartzeko puntuan, hiru erreietatik errei bakarrera pasatzean. Zirkulazio dentsitaterik handiena izaten da asteazkenean, 15.00etatik 20.00etara, eta Ostegun Santuan, 08.00etatik 14.30era. Puntu horretan eta Europistas AP-1ekin koordinatuta, behin behineko seinaleztapena erabiliko da Argantzunen eta Armiñonen N-1 errepidearen bidez, AP-1era sartzea ahalbidetzeko eta A-1ean auto ilarak sortzea saihesteko.

Itzulera fasea Pazko Astelehenean izaten da, baina ez da auto ilara esanguratsurik sortzen, Trafiko Zuzendaritzak, Ertzaintzak, Arabako Foru Aldundiak, Miñoiek eta Europistas (AP-1) enpresak elkarlanean antolatutako seinalizazio dispositibo bereziari esker.

Heriotza tasari dagokionez, azken bost urteetako Aste Santuan ez da hildakorik izan EAEn gertatutako zirkulazio istripuetan. 2012an, esate baterako, bi pertsona hil ziren istripuz (Araban) eta 123 istripu izan ziren guztira; azken bost urteotan ez da hildakorik izan. Istripuen kopuruari dagokionez, Aste Santuko bilakaera beheranzkoa izan da iaz arte (2013an 107 istripu, 2014an 100, 2015ean 99, 2016an 73 eta 2017an 88).