Emakumeen aurkako erasoak ekiditen laguntzeko aplikazio mugikorra aterako du abuztuan Bilboko Udalak

"Agrestop/Erastop" Aplikazioaren Aurkezpena
BILBOKO UDALA
Actualizado: jueves, 19 julio 2018 14:37

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak ia urtebete darama "AgreStop/EraStop" izeneko aplikazio mugikorra lantzen, eraso bat egonez gero emakume bilbotarrei segurtasuna emateko helburuarekin. Aplikazioa Bilboko ezaugarrietara egokitzen ari da eta abuztuan izango da erabilgarri. MRSystem enpresa bilbotarrak garatu du.

Aplikazioa App Store eta Play Store denda birtualetan egongo da eskuragarri abuztuan, eta doan jaitsi ahal izango da, Android eta iOS plataformetarako. Erasoak ekiditeko plataforma bat da, eta lehenik eta behin Bilboko emakumeentzat pentsatu den arren, aurrerago herritar guztiengana zabaldu nahi da.

Aplikazioa aurkezteko prentsaurrekoan Bilboko Udaleko eta MRSystem enpresako ordezkariek azaldu dutenez, momentu honetan probako azken fasean dago, indarkeria matxista jasan duten emakume talde baten eta Bilboko emakumeen elkarteen laguntzarekin.

Aplikazioak funtziona dezan datu pertsonalak sartu behar dira interesdunaren sakelako telefonoa geolokalizatzeko. Botoi bat sakatuz, abisuak Bilboko Udaltzaingoaren koordinazioko zentroan zuzenean jasoko dira, eta ez dago deitu beharrik. Aplikazioaren bitartez berehala abisatzen da eta udaltzaingoaren esku hartzea modu automatikoan jartzen da abian, telefonoak erakusten duen lekura joateko.

Horixe da aplikazio berriaren balioetako bat, alegia, berehalako abisua ematen duela deirik egin gabe. Horrela, erasoa jasaten ari den pertsonak errazago eman dezake abisua.

Aplikazioak hiru funtzionaltasun dauzka. Alde batetik, "Eraso bat jasaten ari naiz" larrialdietako botoia da. Botoi hori sakatzen duenak berehalako seinale bat bidaliko dio Bilboko Udaltzaingoari bere geolokalizazioarekin. Horri esker, agenteak laguntza ematera joan ahal izango dira azkar batean.

Bigarrenik, "Salatu eraso bat" funtzionaltasunarekin edozein indarkeria ekintza ikusten duenak salatu dezake. Aukera horrekin, alerta bat bidaliko zaio poliziari, esku hartu dezan. Alerta horretan erasoaren kokapena geolokalizatzen da.

Hirugarren funtzionaltasuna "Etorri nirekin" da. Aldez aurretik, norbere kontaktuetan adierazi behar da nor izango den laguntzailea. Erabiltzailea etxera doan bitartean, laguntzaileak mapa birtual batean ikusiko ditu haren urratsak. Uneren batean erabiltzailea bidetik aldendu edo ez duela aurrera egiten ikusten badu, laguntzaileak udaltzaingoari dei diezaioke.

Bilboko Udaleko Segurtasun Saila 2017ko amaieratik ari da lantzen aplikazioa, hiriko beharrizanetara egokitzeko. Gero, aurtengo martxoan, Segurtasunaren aldeko Itunean jaso zen beste 34 neurrirekin, eta Bilboko Udaleko alderdi politiko guztiek onartu zuten bilbotarren prebentzioko eta segurtasuneko zerbitzuak bermatzeko.

EMAITZAK, ASTE NAGUSIAREN ONDOREN

Aste Nagusia bukatzen denean, aplikazioaren eraginkortasuna eta lehen fasean lortutako emaitzak aztertuko dira. Gero, herritar guztiengana zabaldu nahi da, arriskuan egonez gero edo eraso bat ikusiz gero abisatzeko aukera izan dezaten. Horrez gain, hobekuntzak sartu nahi dira, adibidez, eskumuturreko bat erabiltzea telefonoko aplikazioarekin batera.

Aurkezpenean azaldu dute ez dela jaietarako soilik sortutako aplikazioa, baizik eta herritarrei udaltzaingoarekin zuzenean kontaktatzeko aukera emango dion tresna bat, beti eta zerbitzu publiko modura.

Aplikazioa MRSystem enpresak garatu du, Bilboko Udalaren Segurtasun Sailaren laguntzarekin. MRSystem Bilbon sortu zen 1998an eta informazioaren teknologia aplikatuen zerbitzuetara bideratutako enpresa da. Bizkaiko ETE bat da eta beti arduratu da teknologia berriak industriaren onurarako ez ezik, gizartearen onurarako ere aplikatzeaz.

Bere ibilbide luzean garapeneko proiektu askotan hartu du parte eta beti egon da merkatuan dauden teknologietako abangoardian. Azken urteotan, bere lanaren zati handi bat aplikazioetara eta Gauzen Interneterako plataformen garapenetara joan da.