Enpleguko zerbitzu publikoek lan merkatuan duten zeregina aztergai "Ekonomiaz" aldizkarian

"Ekonomiaz" Aldizkariaren Zenbaki Berria Aurkeztu Dute
IREKIA
Actualizado: viernes, 20 julio 2018 11:05

GASTEIZ, 20 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailak "Ekonomiaz" aldizkariaren 93. zenbakia argitaratu du. Enpleguko zerbitzu publikoek lan merkatuan duten zereginaren inguruko eztabaidan informazioa emateko helburua du zenbaki berriak, enplegua sustatzeak Eusko Jaurlaritzako gobernu programaren oinarri nagusi gisa duen garrantzia kontuan izanda.

"Ekonomiaz" aldizkariaren aurkezpen ekitaldia Lanbide erakundearen Gasteizko ekitaldi aretoan egin da, eta Jordi Campàs Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Plangintza zuzendariak, Begoña Cueto monografikoaren koordinatzaileak, Javier Ramos Lanbideko kabinete teknikoaren arduradunak eta Borja Belandia Lanbideko zuzendaria nagusiak parte hartu dute. Amaia Arteaga Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratze zuzendaria ere ekitaldian egon da.

Aldizkariaren zenbaki monografikoak zenbait galdera planteatzen ditu: enpleguko zerbitzu publikoek merkatu kuota altua izan beharko lukete?; bilaketa kanal informalekin lehiatu?; zer itxaron dezakegu lankidetza publiko-pribatutik?; beren baliabideekin, zenbat langaberi eman ahal diete arreta?; lehentasunezko kolektiboak ezarri behar al dira?; erantzuna baiezkoa bada, zeintzuk?.

Zenbakia osatzen duen artikulu bakoitzak enpleguko zerbitzu publikoen irudi bat ematen du. Ekarpen guztiak, zerbitzuok lan merkatuan duten zeregina erakusten duten ebidentzietan daude oinarrituta, alderdi positiboak eta hobetu daitezkeenak aipatuz.

"Ekonomiaz" aldizkariaren 93. zenbakia lau zatitan egituratu da. Lehenengo blokean bi lan bildu dira, eta Espainian lana aurkitzeko ereduan izandako aldaketak aurrera eraman diren esparru eta testuinguru juridikoa ezartzeko aukera ematen dute, lana bilatzeko metodoen azterketarekin eta enpleguko zerbitzu publikoek betetzen duten lekuarekin batera.

Bigarren atala lau ebaluazio lanek osatzen dute: bi datu administratiboetan oinarritzen dira, eta beste biak lan orientazioaren gaineko inkestetan. Hirugarren blokea enpleguko zerbitzu publikoen funtzionamendua deskribatzen duten bi lanek osatzen dute, lehenengoa Euskadiri eta bigarrena Latinoamerikari eta Karibeari buruzkoa. Amaitzeko, Europako enpleguko zerbitzu publikoen etorkizunari buruzko ekarpen bat egin da.