Eroskik 33,2 milioi euro irabazi ditu 2017ko ekitaldian

Eroski supermerkatu bat
EROSKI
Actualizado: jueves, 24 mayo 2018 16:53

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Eroski Taldeak 2017ko ekitaldiari dagozkion kontuak itxi ditu, eta 33,2 milioi euroko emaitza positiboa izan du. Horrek esan nahi du 56 milioi euroan hobetu duela iazko emaitza, eta irabaziak eskuratzen hasita, sendotu egin duela bere eraldatze prozesua. Gainera, Eroski S. Coop. kooperatiba nagusiak 13 milioi euroko etekinak izan ditu 2017ko ekitaldian, arduradunek jakinarazi dutenez.

Fakturazioak egonkor jarraitzen du, 5.505 milioi euroan gainazal konparagarrian, eta ohiko jarduerak 137,4 milioi euroko emaitza lortu du. Ekitaldi horretan eraginkortasuna eta produktibitatea hobetzeko zenbait proiektu gauzatu ditu Eroskik, hala prozesu logistikoetan nola "Zurekin" eredu komertzialean, belaunaldi berriko dendei lotuta, eta horren guztiaren ondorio dira emaitza horiek.

2017ko ekitaldian, Eroskik 167 milioi euro murriztu du finantza zorra. Azken hiru urteetan 646 milioi eurora iritsi da zorraren amortizazioa, eta taldeak agindu bezala bete ditu finantza erakundeekin hartu zituen konpromisoak. Gaur egun, Eroskik negoziazioari ekin dio "palanka-efektu finantzarioa erritmo egokian nola egin adosteko", baliabideen sorrerak eta 2019ko uztailetik aurrera Eroskik dituen inbertsio proiekzioak eskatzen duten erritmoan.

Halaber, Eroskiren eraldatze planak aurrera jarraitzen du, eta dagoeneko belaunaldi berriko 600 denda baino gehiago ditu (31 hipermerkatu eta 570 supermerkatu), etatTaldeak elikadura arloan dituen salmenta guztien %65 egiten dira horietan. Sare komertziala "Zurekin" denda eredura eraldatzeko planaren baitan, belaunaldi berriko ehun denda berri lortu ditu 2017ko ekitaldian.

Bereziki nabarmentzekoa da 61 denda berri ireki dituela iazko ekitaldian, eta horrek sendotu egin du sare komertziala birmoldatzeko prozesua. Guztira, 50 supermerkatu berri ireki ditu, bi hipermerkatu berri Galizian eta Melillan, zazpi Forum Sport kirol denda eta Dooers marka berriko denda bat, gasolindegi bat eta bidaia bulego bat. Inbertsioa 106 milioi eurokoa izan da 2017an, denda propioetan eta frankizia erakoetan egina.

Bestalde, Eroskiren Bazkide Bezeroak eta Eroski Club txartelaren, Caprabo txartelaren eta Formu Sport txartelaren jabeak sei milioi dira. 2017an zehar, taldeak 260 milioi euroko transferentziak egin ditu eskaintza eta sustapenetan.