Estatutu berrirako hizkuntzaren atalerako proposamena egin dio Kontseiluak Eusko Legebiltzarrari

Miramar jauregian aurkeztu du proposamena Kontseiluak
KONTSEILUA
Actualizado: jueves, 24 mayo 2018 12:08

DONOSTIA, 24 (EUROPA PRESS)

Kontseiluak euskara eta hizkuntza eskubideen gaiari buruzko proposamena egin dio Eusko Legebiltzarrari, autogobernuaren inguruko eztabaidaren baitan ireki duen Euskal Autonomia Erkidegorako (EAE) estatutu berrian sartzeko.

Donostiako Miramar jauregian aurkeztu du dokumentua Kontseiluko zuzendaritzak, Paul Bilbao idazkari nagusiarekin batera. Aurkezteaz gain, Eusko Ikaskuntzari ere eman dio proposamena Bilbaok. Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidenteak konpromisoa adierazi du ehungarren urteurrenaren testuinguruan egiten ari diren prozesuaren baitan lantzeko, eta gizarte zibilaren garrantzia nabarmendu du.

Iban Arregi "Berria" egunkariaren ordezkaria Kontseiluan eta une honetan lehendakaria denak azaldu du proposamena egitearen "beharra eta garrantzia". "Ia 40 urte joan dira Estatutua onartu zenetik, eta gizartean hainbat aldaketa izan dira, bai eta hizkuntzaren eremuan ere. Egia da ordutik aurrerapausoak izan direla, baina, ez nahikoak. Gizarte zibil antolatuak etorkizuneko hizkuntza araudian eragin zuzena izango duen estatutuan ekarpena egitea beharrezkotzat jo du Kontseiluak", azaldu du.

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloan jasotzen diren printzipio nagusiak aintzat hartu dira proposamena osatzeko orduan eta, Bilbaok azaldu duenez, "hizkuntza eskubideak eskubide estatutarioetan modu zuzenago jaso beharra ondorioztatu dugu, eta horrexegatik ekarpen integrala egin nahi izan dugu".

Aurkeztutako dokumentuaren edukiaren berri eman du Kontseiluko idazkari nagusiak. Horrela, hizkuntzaren estatusari dagokionez, lurralde osoan ofiziala izango da, euskara berezko hizkuntza izendatzen da EAEn, administrazioan erabilera normaleko eta lehentasuneko hizkuntza euskara izatea jasotzen da, eta Europako Batasunean hizkuntza ofiziala izateko ekintzak abian jartzea ere proposatzen da. Pertsonen arteko berdintasuna berma dadin proposamena egiten da: "ez da hizkuntzarengatiko bereizkeriarik onartuko".

Halkaber, euskara sustatu beharra ere jasotzen da. "Botere publikoek euskara babestuko dute eremu eta sektore guztietan, bai eta erabilera, ezagutza eta zabalkundea sustatu ere", dio dokumentuak.

ERABILERA

Euskara erabiltzeko eskubidearen inguruan ere hainbat proposamen egin ditu Kontseiluaren dokumentuak. Zehazki, herritarrei hizkuntza hautua bermatzea proposatzen du, eta, honekin lotuta, hortaz, hori bermatzeko betekizunak ere proposatzen dizkio administrazioari. Horretarako, administrazio publikoko langileek euskararen ezagutza maila egokia egiaztatu beharko dute.

Herritar guztiei euskara ezagutzeko eskubidea eta betebeharra bermatu ahal izateko, besteak beste, "derrigorrezko hezkuntza amaitzen denean euskararen ahozko zein idatzizko ezagutza egokia izateko eskubidea eta betebeharra" izatea proposatzen da, baita "beranduago datozen ikasleek hizkuntza laguntza jasotzeko eskubidea ere", Bilbaok azaldu duenez.

Helduen euskalduntzeari lotuta jasotzen diren proposamenen artean, euskara ikastea doakoa izatea aldarrikatzen da, baita Jaurlaritzaren eskumen osoa berezko hizkuntzaren eremuan ere. Bestalde, euskararen gizarte eragileak erakunde aholku emaileak izatea ere proposatzen du, eta hizkuntza eskubideek berme instituzionalak, normatiboak eta juridikoak izango dituztela.

Edukien berri eman ondoren, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidenteari eman dio dokumentua Paul Bilbaok. Dorronsorok eskertu egin du proposamena helarazi izana, gizarte zibilaren parte hartzea sustatu nahi baitute prozesuaren baitan. Eusko Ikaskuntzaren sorreran bertan hizkuntzak izan zuen garrantzia gogorarazi du, eta etorkizunari begira ere horrela izan behar duela nabarmendu du.