Euskal Liburutegi Nazional Digitalaren oinarriak ezarri dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Sancho el Sabio Fundazioak

Actualizado: jueves, 22 marzo 2018 14:21

Hasteko, liburutegiak XX. eta XXI. mendeko 3.000 liburu digital inguru izango ditu

GASTEIZ, 22 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Vital Fundazioaren Sancho el Sabio Fundazioak lankidetza hitzarmena sinatu dute ostegun honetan, Gasteizen, etorkizuneko Euskal Liburutegi Nazional Digitalaren oinarriak ezartzeko asmoz.

Bingen Zupiria sailburuak eta Jon Urresti Vital Fundazioaren presidenteak sinatu dute lehendabiziko oinarrizko euskal liburutegi garaikide digitala ezartzea ahalbidetuko duen hitzarmena. Joxean Muñoz Kultura sailburuordea, eta Jesus Zubiaga Sancho el Sabio Fundazioaren zuzendaria ere izan dira hitzarmenaren aurkezpenean.

Liburutegiak XX. eta XXI. mendeko 3.000 liburu digital inguru izango ditu. Hasierako egitasmo hau izango da etorkizuneko Euskal Liburutegi Nazional Digitala garatzeko oinarria, historian zeharreko hainbat kultur arlotako euskal egileen lanak bilduko dituen asmo handiagoko egitasmoa.

Sancho el Sabio Fundazioaren egoitzan sinatu den hitzarmena bi alderdiek Euskal Liburutegi Digitalaren sorreran aurrera egiteko duten asmotik dator. Liburutegiak digitalizazioaren aldeko apustuan sakonduko du, kasu honetan, euskal argitalpenetarako sarbidea errazteko aukera baita.

eLiburutegia liburutegi digitalak gaur egun euskal herritarrei mundu osoko egileen 16.000 titulu kontsultatzea ahalbidetzen badie, euskaraz argitaratutako edo euskarara itzulitako lanetan arreta jartzea da Euskal Liburutegi Nazional Digitalaren helburua, baita euskal egileek edo argitaletxeek argitaratutako lan guztietan ere.

Egitasmoa behin betiko bultzatzeko helburutik abiatuta, Eusko Jaurlaritzaren eta Sancho el Sabio Fundazioaren artean sinatutako hitzarmenaren xedeen artean daude eskal bibliografia-ondarea biltzea eta gordetzea bilduma eskuragarri batean; horretarako sarbidea ahalik eta gehien erraztea, bere edukiaren lineako hedapenaren bitartez; egungo euskal gizartean kultura interes handiena pizten duen edukirako sarbideari lehentasuna ematea, bai egile eskubidetik aske dagoen edukira, bai egile eskubideen mende dagoen edukira.

Halaber, akordioaren bidez, euskaraz egindako argitalpenen hedapenaren alde egin nahi da, ikus daitezela erraztuz, euskal edizioaren eskaintza orekatua eta kalitatekoa lortzeko helburuz, Euskadiko hizkuntza ofizial bietan. Gainera, eskaintza orekatua, aberatsa eta askotarikoa sustatuko da, egoki ordezkaturik izan daitezen emakumeek idatzitako lanak, literatur genero guztiak izan daitezen eta irakurleen adin segmentu guztiei erantzuna eman dakien.

3.000 LAN

Oinarri horiek oinarrizko liburutegi garaikidea sortzea ahalbide dezatela da helburua, gutxienez, XX. eta XXI. mendeetako 3.000 lanez osatua, euskaraz argitaratuak edo gaztelaniaz editatuak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE).

Euskal Liburutegi Digitalaren abiapuntu den katalogoaren eraketari dagokionez, XX. eta XXI. mendeetako euskal kultura garaikideko idatzizko lan garrantzitsuenen bilduma aukeratuko da, arlo horretako zenbait adituren iritzia aintzat hartuta. Horrez gain, oinarrizko euskal liburutegi digital garaikideak domeinu publikoan dauden lanak hartuko ditu barne, edo egile-eskubideak indarrean dituztenak.

Euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako lanak aukeratuko dira, hartara, eskaintza orekatua eta kalitatekoa eratu dadin hizkuntza bietan.
Aukeraketan aintzat hartuko da emakumeek idatzitako lanen ordezkaritza egokia egon dadila. Era berean, literatur genero guztiek egon beharko dute, baita haurrentzako, gazteentzako eta nagusientzako lanek ere.

Aukeratutako lanak, behar bezala maketatuta, liburu digital edo e-book euskarrian argitaratuko dira. Gainera, euskal herritarrek e-bookak errazago eskura ditzaten, liburu digital horiei buruz sortzen diren metadatuek beren kokapena Internet bilatzaileetan errazago aurkitzea ahalbidetzen duten protokoloak erabiliko dituztela jaso du hitzarmenak.

Egile eskubideak indarrean dituzten lanen lizentzien kudeaketari dagokionez, gutxienez egile eskubideak indarrean dituzten aukeratutako lanen bost lizentzia erosiko direla zehaztu du hitzarmenak. Argitaletxe bakoitzak bere kargu hartuko du aukeratutako lanen digitalizazioa eta Eusko Jaurlaritzari artxibo digitalaren kopia bat ematea, gorde dezan, besterik ez.

Hitzarmenak bi urteko iraupena izango du, eta alderdien arteko adostasunez luza daiteke. Eusko Jaurlaritzak, urteko, 100.000 euroko ekarpena egingo du, gutxienez, eta lanen aukeraketa prozesutik eratorritako gastuak ere bere gain hartuko ditu. Sancho el Sabio Fundazioak, urteko, 100.000 euroko ekarpena egingo du, gehienez, aukeratutako jabetza publikoko lanen digitalizazio lanak finantzatzeko asmoz, formatu bihurgarrian digitalizatuta ez badaude. Gainera, bi erakundeen ekarpenaz, aukeratutako lanen lizentzien erosketa ere ordaindu beharko da.

PROIEKTUA "HARATAGO"

Bingen Zupiriak sailburuak adierazi du gaur egun liburutegi batek ez duela zertan gune fisikoa izan, hau da, zenbait zerbitzu digital kontsultatzea ahalbidetzen duen plataforma izan daitekeela. Bada, Euskal Liburutegi Nazional Digitalaren ideia kontzeptu horretatik abiatu da, historian zeharreko euskal egileen lana eta pentsaera biltzeko bokazioz.

"Sancho el Sabio Fundazioarekin egin den akordioak ekimen horri garai hurbilenetik hasita heltzea ahalbidetzen digu, XX. eta XXI. mendeetatik, liburuen edizioaren arloan ardaztuta. Hala ere, Euskal Liburutegi Nazionalaren proiektua haratago doa eta ikus-entzunezko, margolaritzako edo musikagintzako ekoizpena ere bildu nahi dugu, eta denboran atzerago joan", azaldu du.

Bere aldetik, Vital Fundazioaren presidenteak nabarmendu du Euskal Liburutegi Nazional Digitala literatur lan esanguratsuenen edizio digitaletarako sarbidea izango dela, horien artean, saiakera, haur eta literatura, komikiak eta egile garaikideena ere. "Sancho el Sabio Fundazioarentzat, dokumentu funtsen digitalizazioan aitzindaria den aldetik, hitzarmen honek beste aurrerapauso bat egitea dakar, egungo literatura ekoizpena sarbide askean hedatzea ahalbidetuko duen urratsa, hain zuen ere, egile, edizio eta hedapen eskubideak errespetatuz. Eskura dauden edukiak handituz eta egungo irakurleen interesetara egokituz", esan du.