Euskaltzaindiak 50 hizlari bilduko ditu Arantzazun urriaren 4tik 6ra egingo duen nazioarteko biltzarrean

Ibon Usarralde, Miriam Urkia eta Andres Urrutia
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: lunes, 17 septiembre 2018 12:14

DONOSTIA, 17 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak "Arantzazutik mundu zabalera: 1968-2018" nazioarteko biltzarra egingo du Arantzazuko Topaketa eta Batzarretarako Zentroan (Oñati, Gipuzkoa), urriaren 4, 5 eta 6an, eta 50 hizlarik bilduko ditu, euskararen indarguneak eta ahuleziak identifikatu eta etorkizuneko erronkak aztertzeko. Akademiaren mendeurreneko bigarren ekitaldi akademikoa izango da, eta baliabide linguistiko eta teknologiko berriak ere aurkeztuko ditu bertan, besteak beste, webgune berriztatua eta Euskara Batuaren Eskuliburua.

Andres Urrutia euskaltzainburuak astelehen honetan Donostian egindako aurkezpenean adierazi duenez, "beste behin ere, Euskaltzaindia Arantzazura joango da euskara batuaren 50. urteurrenean, orduko hura oinarri hartu eta gogoraraztera euskararen etorkizuna duela helburu nagusi".

Euskaltzainburuak nabarmendu du zeregin horretan bestelako eragileekin batera jokatu nahi duela Euskaltzaindiak, "beste behin, elkarrekiko koordinazioan, gure hizkuntzaren indarguneak eta ahuleziak aztertu eta etorkizunerako konponbideak bilatu nahian".

Urrutiarekin batera, Ibon Usarralde mendeurreko ekitaldien koordinatzaileak eta Miriam Urkia euskaltzaina ere izan dira biltzarra aurkezteko prentsa agerraldian.

Modu honetan, data esanguratsuaren 50. urtemuga baliatuz, Euskaltzaindiak XVII. Biltzarra antolatu du, mendeurreneko ekitaldi akademikoetan bigarrena -guztira bederatzi izango dira-. Hiru egunez, euskararen indarguneak eta ahuleziak identifikatu eta etorkizuneko erronkak aztertzen ahaleginduko dira adituak.

"BILTZAR BEREZIA"

Euskaltzainburuak adierazi du Arantzazukoa "biltzar berezia" izango dela, eta euskalgintzako eragile garrantzitsuenek parte hartuko dutela bertan. "Mugarri bat izatea nahiko genuke, euskara bultzatzeko beste aukera bat, eta horretarako gonbidatu ditugu euskalgintzako eragilerik garrantzitsuenak. Euskararen etorkizuna bermatu nahi badugu, elkarrekin jokatu behar dugu, esperientziak trukatu eta elkarlanean aritu", azaldu du.

Akademiak "euskararen etorkizuna" du helburu, eta Urrutiak esan du hori gogoratzera joango direla Arantzazura. Bere hitzetan, "batuaren 50. urteurrenean, gogotsu eta indartsu gaudela erakutsi nahi dugu, euskal gizartearekin batera eta euskal gizartearentzat lan egiteko gogoz. Eta horren adibide izango dira Arantzazun aurkeztuko ditugun baliabide linguistiko eta teknologiko berriak: Euskara Batuaren Eskuliburua eta Euskaltzaindiaren webgune berria".

Biltzarrean parte hartzeko izen-ematea zabalik dago, urriaren 1a bitartean, eta info@euskaltzaindia.eus helbide elektronikoan idatzita edo 34 943 42 80 50, 34 944 158 155, 33 (0) 559 25 64 26 telefonoetara deituta egin daiteke. Sartzea dohainik izango da (aldibereko itzulpena), eta jardunaldi guztiak zuzenean eskainiko dira, streaming bidez, Euskaltzaindiaren Youtubeko atarian.