Euskaltzaindiak nazioarteko bederatzi biltzar antolatuko ditu mendeurreneko egitarauan

Aukeran dantza taldea aurkezpenean
EUROPA PRESS
Actualizado: viernes, 23 marzo 2018 13:45

Mendeurrena baliatu nahi du "euskararekin, euskal kulturarekin eta euskal gizarte osoarekin duen konpromisoa berriztatzeko"

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak nazioarteko bederatzi biltzar antolatuko ditu aurtengo irailetik datorren urteko irailera bitartean, mendeurreneko egitarau akademikoaren barruan. Biltzarrak euskararen lurralde guztietan egingo dira, Akademiaren batzorde, lantalde eta egitasmo guztien parte hartzearekin. Euskaltzaindiaren jardun eremu eta aztergai guztiak jorratuko dira biltzarrotan.

Akademiak mendeurreneko egitarauaren atal bat aurkeztu du, ostiral honetan, Bilboko egoitza nagusian. Aukeran dantza taldeko kideak izan dira agerpenean, eta bertan, mendeurreneko logoa erakusteaz gain, antolatuko diren nazioarteko biltzarren berri eman du.

Aurretik, mendeurreneko ospakizunen asmo eta helburuak ere aletu dira, xede nagusia azpimarratu dela, behin eta berriz, hau da, gizarteari begira jarri dela Euskaltzaindia, "euskal gizartearen beharrizanei behar bezala erantzuteko".

Aurkezpenean parte hartu dute Andres Urrutia euskaltzainburuak, Sagrario Aleman Sustapen batzordeko buruak eta Ibon Usarralde mendeurreneko batzordeko bateratzaileak. Urrutia pozik eta "hunkituta" azaldu da. Euskaltzainburuak azpimarratu du aurtengoa "urte esanguratsua" dela Akademiarentzat, eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko "indartsu" dagoela, "guk bete-betean egon nahi dugulako XXI. mendean, eta esango nuke azken 10-13 urteotan egin ditugun aldaketa eta esfortzuekin, helburutik hurbil gaudela".

"Azkenaldian, gainera, areagotu egin dira bide horretatik doazen gure eginbideak. Uste dugu aldaketa horiek nabaritzen direla eta ondorengo bi urteetan ere nabarituko dira. Besteak beste, mendeurrena hori dena guztia erakusteko baliatu nahi dugu, hots, XXI. mendean jarri nahi dugula zangoa, behingoz", azaldu du.

Urrutiak aitortu du badagoela zer egin, Akademiak badakiela zeintzuk diren bere on-gaitzak, baina, baita ere, ondo ezagutzen dituela bere betekizunak. "Euskaltzaindiaren zerbitzu-bokazioa aspaldikoa da, baina azkartu eta indartu egin behar dugu", gaineratu du.

Honela, Euskaltzaindiak mendeurrena baliatu nahi du "euskararekin, euskal kulturarekin eta euskal gizarte osoarekin duen konpromisoa berriztatzeko", eta, bide batez, dei zabala egin dio euskal gizarte osoari: "Aldi berriari, XXI. mende korapilatsu baina itxaropentsu honi, ilusio berrituarekin ekiteko deia, denok baikara ezinbestekoak euskara biziberrituko badugu".

EGITARAU AKADEMIKOA

Ekitaldi instituzionalak, akademikoak eta artistiko-kulturalak antolatuko ditu Euskaltzaindiak bere mendeurrena ospatzeko, eta ostiral honetan, egitarau akademikoa aurkeztu du. Zehazki, nazioarteko bederatzi jardunaldi izango dira, aurtengo irailetik 2019kora. Euskararen lurralde guztietan egingo dira eta Euskaltzaindiaren jardun eremu eta aztergai guztiei barne hartko dituzte.

Lehena "Euskararen Batasunari Ipar Euskal Herritik egindako ekarpena" jardunaldia eta erakusketa izango da, Baionan, datorren irailean. 1960ko hamarkadaren hasieran hainbat bilkura egin ziren euskara batuaren oinarriak lantzeko, horietako batzuk Baionan, eta bilkura horien ekarpen nagusiak azpimarratuko dira. Aurrera begira, Ipar Euskal Herritik begiratuta, euskara batuak dituen erronkak identifikatuko dira.

Bigarren jardunaldia "Euskararen Batasuna" izango da, Arantzazun, urrian. Egindako bidea azaltzea, gizartea batasunaren garrantziaz ohartaraztea, egungoaz gogoeta egitea eta eginkizun dagoena definitzea izango dira helburuak.

Datorren urtean jada, hirugarren biltzarrak "Hizkuntza eskubideak" izango ditu aztergai, Iruñean, urtarrilean; laugarrenak "Ahoskera", Gasteizen, otsailean; bosgarrenak "Dialektologia" (jardunaldia eta erakusketa), Bilbon, martxoan; seigarrenak "Literatura", Bilbon, maiatzean; zazpigarrenak "Onomastika", Gasteizen, ekainean; zortzigarrenak "Gramatika", Donostian, uztailean, eta bederatzigarrenak "Teknologia berriak eta euskara", Donostian, irailean.