Euskaraldian parte hartzeko norbanakoen izen-ematea ostegunean irekiko dute

Norbanakoen izen-ematea ostegunetik aurrera
EUSKARALDIA
Actualizado: martes, 18 septiembre 2018 12:06

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa sozialean parte hartzeko norbanakoen izen-ematea ostegunean irekiko dute, irailaren 20an. Hori dela eta, ekimeneko arduradunek irekiera ekitaldia antolatu dute Iruñeko Zentral antzokian, Urko Aristik eta Edurne Azkaratek aurkeztuta.

Ekitaldia 18.30ean hasiko da, orain artekoari errepasoa eginez, besteak beste, herrietako batzordeek egindako lana edota erakundee parte hartzea. Halaber, Euskaraldiko kanta aurkeztu eta entzungo da lehen aldiz, eta, azkenik, izen-ematearen irekiera egingo da, bertan egongo diren ordenagailuetan izena emanez.

Ekitaldia hasi aurretik, xehetasunak emateko prentsaurrekoa egingo dute, 18.00etan, Zentral antzokian bertan. Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzaile eta Euskaltzaleen Topaguneko kideak, Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak eta Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko presidente eta Euskal Elkargoko Hizkuntza Politikarako presidenteordeak parte hartuko dute.