Euskararen erabilera sustatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak

Gorka Urtaran eta Andres Urrutia
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: jueves, 22 marzo 2018 12:50

GASTEIZ, 22 (EUROPA PRESS)

Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmen berria sinatu dute 2018rako ostegun honetan, bi erakundeen arteko elkarlana sendotzeko. Euskararen erabilera sustatzeko baliagarri izango den akordioa dela esan dute bi erakundeetako ordezkariek.

Euskaltzaindiak Gasteiz udalerriko toponimia historikoaren seigarren liburukia aurkeztu du ostegun honetan, hiriburuko udaletxean, eta bertan sinatu dute hitzarmena Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Urtaranekin eta Urrutiarekin batera, Roberto González de Viñaspre euskaltzain oso eta Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaria eta Elena Martínez de Madina Salazar "Gasteizko Toponimia VI, Arratzua II" liburuaren egilea izan dira.

"Agiri honek berresten du Gasteizko Udalarekin aspalditik daukagun harremana eta elkarrekin egin izan dugun lana, eta bide horretatik jarraitu nahi dugu, hiriko toponimia ikertzen eta bestelako zerbitzuak eskaintzen Gasteizko herritarrei", esan du Urrutiak.

Hitzarmenaren bidez, Euskaltzaindiak aholku emango dio Gasteizko Udalari euskararekin lotutako gaietan, eta hizkuntza babesten, zaintzen eta sustatzen jarraituko du. Orobat, kultur zabalkunderako jarduerak, ikastaroak eta hitzaldiak egingo ditu, baina "Gasteizko Toponimia" bildumaren jarraipena izango da egiteko nagusia. Zehazki, 2017ko azken lauhilekoan hasiera eman zion "Arratzua III" fasearekin jarraituko du Akademiak 2018an.

Bere aldetik, Gasteizko Udalak 63.000 euro emango dizkio Euskaltzaindiari, urte osoan kultur zabalkunderako jarduerak, ikastaroak eta hitzaldiak egin ditzan hiriburuan.

Urtaranek gogoratu du euskarak hirian izan behar duen bultzadaren "katalizatzaile eta dinamizatzaile" moduan jokatu behar duela udalak, eta aitortu du zeregin horretan dabilela buru-belarri azken 20 urteotan, Euskaltzaindiaren eskutik. "Elkarlan emankorra eta gogobetegarria da, alde biak asetzen dituena", esan du alkateak.

Zentzu honetan, esan duenez, Gasteizek "euskararen hiria izan behar du, eta izan daiteke", Euskadiko hiriburua den heinean. "Udalerrian gure hizkuntzaren presentzia garatu eta indartu behar dugu, batez ere kalean eta kirola edo aisialdia bezalako esparruetan, bide batez, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzen ditugula", adierazi du.

Testuinguru honetan, Urtaranek nabarmendu du Gasteizko kaleetan ematen diren elkarrizketen %3,7 euskaraz izaten direla. 1993tik gaurdaino, %1,2 puntu igo da zifra hori, eta 2 eta 14 urte bitarteko haur eta gazteen artean %5,9ra handitzen da datua.

GASTEIZKO TOPONIMIA

Agerraldian "Gasteizko Toponimia VI, Arratzua II" lana aurkeztu dute. Elena Martínez de Madina euskaltzain urgazle eta Onomastika batzordekideak eginiko ikerlana, Arabako hiriburuaz gainera, Gasteizko beste 64 herriak ikergai dituen egitasmo zabal baten zati da.

"Lan honetan ez da toponimo bilketa soilik aurkezten, baita onomastika ikerketa baten hipotesiak eta ondorioak ere. Izan ere, leku izen normatibizatuak proposatzen dira, hala nola izen bakoitzaren etimologia, batzuetan ziurra, beste batzuetan ez hainbeste. Horrek gure lurraldeko hizkuntzak, gure usadio zaharrak, gure flora, fauna, geografia eta historia ezagutzen laguntzen digu", azaldu du.

Arratzua merindade zaharra osatzen zuten herrien ikerketa toponimiko osoa hiru liburukitan banatzen da. Lehenak sei herri zituen aztergai, eta orain aurkeztu denak zazpi (Aberasturi, Andollu, Argandoña, Askartza, Billafranka, Bolibar eta Uribarri Nagusia). Gainerako herrien toponimia analisi sakona bi urte barru argitaratuko da.

Egitasmo hau guztia egingarria da Gasteizko Udalak Euskaltzaindiarekin sinatua duen hitzarmenari esker. "Ekimen eredugarria da oro har toponimia ondarearen mesedetan, eta, euskarari dagokionez, funtsezko datu-bilduma oparoa bertoko euskararen ezaugarriez nabarmen gehiago jakin dezagun", aitortu du González de Viñasprek.