Garapen Iraunkorrerako Eskualde Gobernuen Munduko Sareak Bilbon egingo du 2019ko biltzar nagusia

Nrg4SD sarearen biltzar nagusia, Cuencan (Ekuador)
IREKIA
Actualizado: miércoles, 20 junio 2018 10:14

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Garapen Iraunkorrerako Eskualde Gobernuen Munduko Sarearen (nrg4SD, ingelesezko sigletan) hurrengo biltzar nagusia Bilbon egingo da, 2019ko martxoaren 4an eta 5ean, Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez.

Hala iragarri dute aurtengo biltzar nagusian, Ekuadorreko Cuenca hirian. Biltzarra asteartean hasi zen, eta bertan izan da Aitor Zulueta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendaria, lekukotza jasotzeko, hain zuzen ere.

Halaber, datozen lau urteetan Euskadik nrg4SD sarearen presidenteordetza izango duela adierazi da topaketan, eta erronka hauek izango dituela, besteak beste: batetik, Europako zein nazioarteko gidalerroekin bat egingo duten ingurumen politikak aplikatzen jarraitzea, eta, bestetik, nazioarteko gailur handietan beste lurralde eta eskualde batzuekin lankidetzan aritzea, eskualdeen diskurtsoa eta egitekoa antolatzeko eta erabakiak hartzeko prozesuetan sare gisa eragina izateko.

Garapen Iraunkorrerako Eskualde Gobernuen Sarea mundu mailako erakundea da. Eskualde gobernuak ordezkatzen ditu klima aldaketaren, biodibertsitatearen eta garapen iraunkorraren esparruetan, Nazio Batuen Erakundeko (NBE) konbentzio eta agendetan finkatutako aginduei jarraikiz. 2002an sortu zen, Johannesburgeko Munduko Gailurrean, eta lau kontinentetako 30etik gora herrialdetako 50 kide baino gehiago ditu.

BIODIBERTSITATEA

Ekuadorreko Cuenca hirian egiten ari den nrg4SD sarearen aurtengo biltzar nagusiarekin batera, biodibertsitateari buruzko nazioarteko biltzar bat egingo da ostegunean eta ostiralean, ekainaren 21ean eta 22an. "Askotariko lurraldeak, eskubideen lurraldeak" izango da biltzar horren goiburua, eta Eusko Jaurlaritzak "presentzia" aktiboa izango du bertan.

Hain zuzen, Aitor Zuluetak hizlari gisa hartuko du parte, "Politika publikoa eta biodibertsitatea: estatu ikuspegia, lurralde plangintza eta arrisku eta ahulezia egoeran dauden ekosistemen aurkako presioa" izeneko taldean. Zehazki, Urdaibai Biosfera Erreserbaren kudeaketa aurkeztuko du, ondare naturalaren babesa eta giza garapena elkartzen dituen kasu arrakastatsu gisa.

2018 "oso urte garrantzitsua" da biodibertsitatearentzat, Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmenaren 25. urteurrena baita. Biodibertsitatea babesteko nazioarteko baliabiderik garrantzitsuena da hitzarmen hori.

Halaber, Ekuadorreko "Askotariko lurraldeak, eskubideen lurraldeak" biltzarrak badu beste helburu bat: Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmenaren Alderdien Biltzarrari (CDB-COP 14) dagokionez eskualde gobernuek izan beharreko jarrera adostea. Biltzarra urte bukaeran egingo da, Egipton.