"Gasteiztarrak Arraun The World" udako argazki-hizki lehiaketa abian da

"Gasteiztarrak Arraun The World"
OIHANEDER
Actualizado: miércoles, 20 junio 2018 12:49

GASTEIZ, 20 (EUROPA PRESS)

Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gauekoak Federazioak laugarren urtez antolatu dute "Gasteiztarrak Arraun The World" udako argazki-hizki lehiaketa. Nahi duen orok udan munduan zehar egindako bidaiak argazki eta hitzen bitartez kontatzea da asmoa. Parte hartzeko epea ostegunean hasiko da, ekainaren 21ean, eta irailaren 21era bitartea irekita izango da. Lan onenen egileek Durangoko Azokaz gozatzeko asteburu kulturala irabaziko dute, antolatzaileek azaldu dutenez.

Modu honetan, aurreko hiru edizioen arrakastari jarraiki, Oihaneder Euskararen Etxearen eta Gauekoak Federazioaren arteko lankidetza berretsi eta laugarren urtez antolatu dute argazki-hizki lehiaketa. Parte hartzeko 20 argazkidun sorta bat aurkeztu behar da eta sortari berari eta argazki bakoitzari euskarazko izenburua jarri. Horrekin batera, egindako bidaiaren azalpen laburra bidali behar da oihaneder@oihaneder.eus helbide elektronikora (1.500-2.000 karaktere).

Halaber, lehiakide bakoitzak sortako argazki bat aukeratu eta Facebook, Twitter edo Instagram sare sozialetara igo beharko du, bere argazki sortaren izenburua zehaztuz. Igotzean #GasteiztarrakArraun traola erabili beharko du eta @oihaneder_etxea eta @gauekoak aipatu.

Gazteen parte hartzea sustatzeko bi adin kategoria ezarri dira: 18-30 urtekoena eta 30 urtetik gorakoena. Lehiaketara aurkeztutako lanen artean lau argazki-sorta sarituko dira, eta bakoitzak 250 euro eramango ditu. Kategoria bakoitzeko bi sari emango dira. Saritutako lanen egileek abenduan Durangoko Azokan asteburu pasa irabaziko dute: bi pertsonentzako bi gautako egonaldia Durango ondoko Garaiko landetxean (150 euro) eta azokan gastatzeko 100 euroko bonua.

Bestalde, lehiaketan saritutako lau argazki-sortekin erakusketa egingo da udazkenean Oihaneder Euskararen Etxean. Pantaila digital batean lehiaketara aurkeztutako argazki guztiak ikusi ahal izango dira. Horrekin batera, lau irabazleek aurkezpen publikoa prestatu beharko dute, egindako bidaia argazkien bitartez kontatzeko. Aurkezpenak Gasteizko lau auzo desberdinetan antolatuko dira, euskararen normalizazioan lan egiten duten GEU, Sarburu eta Zizta elkarteekin elkarlanean.