Haur Hezkuntzako idazketa-irakurketa prozesuaz ariko dira hezkuntzako profesionalak larunbatean, Eibarren

Haur Hezkuntzako idazketa-irakurketa prozesuaz Eibarren
IREKIA
Actualizado: viernes, 25 mayo 2018 13:59

DONOSTIA, 25 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Berritzegune Nagusiak "Haur Hezkuntza: bizitzako oinarrien etapa" jardunaldi sailaren baitan antolaturiko bigarren lan saioa egingo du larunbatean, maiatzaren 26an, Eibarren (Gipuzkoa). Saioa idazketa-irakurketa prozesuari buruzkoa izango da, eta Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak eta Lucia Torrealday Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak irekiko dute.

Hezkuntza Saileko Berritzegune Nagusiak antolaturiko jardunaldiak hezkuntza arloko 445 profesional elkartuko ditu Eibarren, gehienbat Haur Hezkuntzako hezitzaileak, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Nere Inda eta Jabier Azpitarte Hezkuntza Saileko Berritzeguneetako Haur Hezkuntzako aholkulariek gidatuko dituzte larunbat goiz osoa hartuko duten lan saioak. Irakurketa-idazketa prozesuaz egun Euskadin indarrean den Haur Hezkuntzako curriculumak zer dioen, non kokatzen duen eta zein garrantzia ematen dion azaltzeko aurkezpen labur baten ondoren, lehenbailehen helduko diote bi adituek gaiari, alderdirik teknikoenetik: hezkuntza etapa honetan dagoen umearentzat irakurketa-idazketa prozesuak zein fase dituen azalduko dute lehenik, nola hasten diren haurrak nagusiek erabiltzen duten kode horretaz jabetzen, nola ohitzen diren, edo nola hasten diren kode hori baliagarria dela barneratzen.

Irakurketa-idazketa prozesuan eragina duten faktoreak ere errepasatuko dituzte, bereziki azpimarratuz espazioaren garrantzia, erabiltzen diren materialen aukeraketa eta irakasleen esku hartzeak duen garrantzia, alegia, nolakoa izan behar duen irakaslearen esku hartze egokiak. Alderdi hauetan guztietan azken urteotan neurozientzien esparruan egin diren ikerketek erakutsi dituzten emaitzek ere izango dute lekua jardunaldian.

Antolatzaileek azaldu dutenez, garrantzitsua izanik ere, irakurketa-idazketa prozesua eta honen jabetza hartzea ez da lehentasunezko helburutzat jotzen Haur Hezkuntzan. Halere, bada adin hauetan landu beharreko lengoaia bat, ondoren Lehen Hezkuntzan prozesu hori arrakastaz burutu dadin oinarri sendoa eraikitze aldera. Haur Hezkuntzan lehentasun handiagokotzat jotzen dira umeekin ahozkotasuna eta gorputz espresioa lantzea.