Italian dauden euskal enpresekin bildu da Eusko Jaurlaritza, Milanen

Jaurlaritzako eta euskal enpresetako ordezkariak, Milanen
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: miércoles, 20 junio 2018 13:01

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Euskadiko merkataritza bulego berria ireki dela aprobetxatuta Milan bisitatzen ari den Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak bilera izan du asteazken honetan Italian finkatuta dauden euskal enpresekin.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak, Javier Zarraonandia Industriako sailburuordeak, Ainhoa Ondarzabal Nazioartekotzeko Euskal Agentziako zuzendariak eta Ainara Isasa Eusko Jaurlaritzako Milango bulego berriaren zuzendariak bertatik bertara ezagutu dituzte Italian dauden euskal enpresak bizitzen ari diren esperientziak.

Topaketan, besteak beste, Danobat, Tecnalia, Lantek Sheet Metal, Ulma Architectural, Iberdrola, Siemens Gamesa, Caf, Fagor Automotion, Orkli SCoop, Vidrala, Tubacex edo Cie Automotive enpresetako ordezkariak izan dira. Gainera, Marco Fedato Promos Milango Merkataritza Ganberako Inbertsioen Sustapeneko burua ere izan da bilkuran.

Milango merkataritza bulegoaren inaugurazioan, Italia lehentasunezko herrialde zergatik den azaldu zuen asteartean Tapiak, eta asteazkeneko bilerarekin, Italia finkatzeko aukeratu duten enpresen motibazioak, bidean izan dituzten zailtasunak eta aurrez aurre dituzten erronkak ezagutu nahi izan ditu.

Enpresetako ordezkarien arabera, Italiako ekonomiak Euskadiko ekonomiarekin antzekotasun handiak izatea positiboa da, bi aldeei mesede egiten dieten sinergiak sortzen direlako. Era berean, enpresen arteko lehiakortasuna "oso handia" dela ohartarazi du. Italiako merkatua oso merkatu irekia dela adierazi dute, eta, edonongoa izanda ere, enpresek Italian presentzia izatea garrantzitsua dela azaldu dute.

ENPRESEN BEHARRAK

Javier Zarraonandia Industria sailburuordeak bileraren ostean adierazi duenez, bulegotik gertutasunez erantzun ahal izango dituzte euskal enpresen beharrak. Enpresek adierazi dute "oso burokratikoa" den kudeaketa administratiboan laguntza behar dutela, eta Euskadi-Italia arteko konektibitatea hobetzeko beharra agertu dute. Posizionamentua hobetzeko beharra ere azpimarratu dute enpresek.

Formakuntza eta egokiak diren profil profesionalak aurkitzea ere arazoa da Italian kokatuta dauden enpresentzat. Euskadin ere kezka berbera denez, Industria sailburuordeak adierazi du Jaurlaritza ari dela dagoeneko formakuntzaren bidetik arazo horri erantzuna ematen.

Bileran, oso esperientzia desberdinak partekatu dira, besteak beste, ekoizpen finkapenak, Danobatek egin berri duena, ostegunean inauguratuko den instalazioarekin; Italiako enpresen erosketak, besteak beste, CIE Automotive-k egin zuena duela hiru urte edo Tubacex-ena, merkataritza bulego batez gain, Milanen eta Piacenzan bi ekoizpen instalazio ere baititu.