Jaurlaritzak egin duen Hezkuntza Akordiorako proposamena aztertzen ari dira ikastolak

Ikastolak Jaurlaritzaren Hezkuntza Akordiorako proposamena aztertzen
IKASTOLEN ELKARTEA
Actualizado: viernes, 25 mayo 2018 14:00

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastolak Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den Hezkuntza Akordiorako proposamenaren edukia aztertzen, lantzen eta horren gaineko irakurketa egiten ari dira, gero ondorioak atera eta jarrera bat hartzeko. Proposamena Eusko Legebiltzarrerako bidean da dagoeneko, eta ikastolek ikusi dute unea dela gaiaren gainean jarrera bateratu bat hartzea.

Ikastolen Elkarteak jakinarazi duenez, aste honetan hasi dira ikastolen bilerak. Hain zuzen ere, joan den asteartean egin zen lehenbizikoa, eta egunero egiten ari dira, eskualdez eskualde, ikastoletako komunitateetako ahalik eta jende gehienak parte hartzeko helburuarekin.

Hezkuntza Akordiorako proposamenaren gabezien artean, ikastolek diote ez duela hezkuntza sistemaren osaketa zehazten, ez duela publikotasunaren definiziorik egiten, eta finantzaketa gaia ere ez duela aipatzen, besteak beste.

Ikastolak proposamenaren eduki nagusiak aztertzen ari dira, eta bereziki hizkuntzen alorra eta hezkuntza inklusioa. Azken horri dagokionez, aurkeztu den Herri Ekimen Legegilea ere aztertu da.
Guztiei erantzun bat ematea du helburu abiatutako eztabaida prozesuak. Ekainaren 13an amaituko da prozesua, eta haren ondotik ikastolek beren jarrera argituko dute.