Karmele Jaio gasteiztarra izango da Bilboko Udalaren XXI. mendeko Emakume Idazleak programan, ostegunean

Karmele Jaio
BILBOKO UDALA
Actualizado: martes, 18 septiembre 2018 11:44

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak narratiba garaikideko emakume egileei buruzko XXI. mendeko Emakume Idazleak zikloari berrekingo dio ostegunean, irailaren 20an, eta Karmele Jaio idazle gasteiztarra gonbidatu du. Hitzordua 19.30ean izango da, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango du aretoko leku guztiak bete arte. Saioa euskaraz egingo da, eta streaming bidez eskainiko da www.kulturguneatb.eus webgunean.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, kulturan espezializatuta dagoen Idoia Jauregi kazetariak gidatuko du zikloa. Ekimena iaz inauguratu zen, arreta literatura garaikideko emakume idazleengan jartzeko, eta irakurleen aldetik "harrera bikaina" izan du. Orain arteko topaketetan parte hartu duten idazleen artean daude Dolores Redondo, Eva García Sáenz de Urturi, María Oruña, Almudena Grandes, Alicia Giménez eta Najat El Hachmi.

Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970) kontakizunen hiru liburu idatzi ditu: "Hamabost zauri" (Elkar, 2004), "Zu bezain ahul" (Elkar, 2007) eta "Ez naiz ni" (Elkar, 2012). Bi eleberri ere argitaratu ditu, "Amaren eskuak" (Elkar, 2006) eta "Musika airean" (Elkar, 2010), bai eta poesia liburu bat ere, "Orain hilak ditugu" (Elkar, 2015). "Amaren eskuak" eleberria 25. ediziora heldu da jada, eta ingelesera itzuli berri dute. Gainera, Mireia Gabilondok zinera egokitu zuen, eta Donostia Zinemaldian aurkeztu zen.

Bere kontakizunak antzerkira ere eraman dira. Horrela, 2010ean, Ramon Bareak "Ekografiak" zuzendu zuen, izenburu bereko kontakizunean oinarrituta; neskato bat adoptatzeko Etiopiara bidaiatzen duen emakume baten beldurretan eta sentsazioetan sakontzen duen lana da. Bere kontakizunak Best European Fiction 2017 bildumarako aukeratu dituzte, eta antologia ugaritan argitaratu dira.