Langabezia tasa %10,1era jaitsi eta biztanleria landuna %2,6 gehitu da EAEn urteko bigarren hiruhilekoan

Langile bat
IME - Archivo
Actualizado: viernes, 20 julio 2018 10:33

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lan merkatuaren 2018ko bigarren hiruhilekoko datuen arabera, 940.300 landun daude, aurreko hiruhilekoan baino 23.400 gehiago, hau da, %2,6ko gehikuntza izan da. Halaber, langabezia tasa %10,1 da, aurreko hiruhilekoan baino %1,2 puntu portzentual gutxiago, Eustat estatistika erakundeak jakinarazi duenez.

Biztanleria landunaren eta langabearen bilakaeren emaitza gisa, EAEko jarduera tasa %57 da 2018ko bigarren hiruhilekoan, hau da, %0,8 puntu portzentual gehiago aurreko hiruhilekoaren aldean.

Herrialde bakoitzari dagokionez, Bizkaian handitu da gehien lana urteko bigarren hiruhilekoan, 14.100 landun gehiagorekin; Arabak jarraitu dio, 5.800 landun gehiagorekin, eta Gipuzkoa azkenik, 3.600 gehiagorekin. Hiriburuetan, Gasteizen 4.500 landun gehiago erregistratu dira, eta Bilbon 3.400 gehiago; Donostian, berriz, ez da aldaketarik gertatu.

Generoari dagokionez, landunen hazkundea handiagoa izan da emakumeen artean. Hain zuzen, urteko bigarren hiruhilekoan 15.200 emakume landun gehiago izan dira aurreko hiruhilekoaren aldean, eta gizon landunak, berriz, 8.200 gehiago izan dira.

Sektoreetan, biztanleria landuna handitu egin da Zerbitzuen sektorean (19.300 pertsona gehiago), Industrian (3.400 gehiago) eta Lehen sektorean (800 gehiago); Eraikuntzan, berriz, landunen kopurua jaitsi egin da (200 pertsona gutxiago).

Landunen tasa, hau da, 16 eta 64 urte bitarteko landunen portzentajea adin horien guztizkoaren gainean zenbatetsita, %1,9 puntu portzentual igo da aurreko hiruhilekoaren aldean, eta %68,3 da EAEn. Tasa %72 da gizonen artean, eta %64,7 emakumeen artean.

Lurraldeetan banatuta, landunen tasa handienak Arabakoak eta Gipuzkoakoak dira, %69,8, aurreko hiruhilekoaren aldean %3,4 eta %1,2 puntu portzentual gehituta, hurrenez hurren; Bizkaian, landunen tasa %1,9 puntu portzentual gehitu eta %67 da.

Halaber, 2018ko bigarren hiruhilekoan, zenbatespenen arabera, 885.000 etxe inguru daude EAEn, eta horietako heren baten ez dago pertsona bakar bat ere aktibo. Etxeen erdietan baino gehiagotan lanean daude pertsona aktibo guztiak, aurreko hiruhilekoan baino 9.500 familia gehiago, eta kide aktibo guztiak langabe dauden etxeak 35.500 dira, aurreko hiruhilekoan baino 4.400 gutxiago.

LANGABEZIA

Bestalde, EAEko langabeak, hau da, enplegu bila eta bilaketan kudeaketa aktiboak egiten dihardutenak eta gainera lan egiteko moduan daudenak, 106.200 dira urteko bigarren hiruhilekoan, aurrekoan baino 10.400 gutxiago. Emakume langabeen kolektiboan (54.500 pertsona) 7.300
gutxiago izan dira dira, eta gizon langabeen kolektiboan (51.700 pertsona), berriz, 3.000 gutxiago.

Horrela, urteko bigarren hiruhilekoko datuen arabera, EAEko langabezia tasa %10,1 da, %1,2 puntu portzentual gutxiago aurreko hiruhilekoaren aldean. Gizonen langabezia tasa %9,5 da (%0,6 puntu portzentual gutxiago), eta emakumeena %10,9 (%1,6 puntu portzentual gutxiago. Gazteen langabezia tasak altuena izaten jarraitzen du, %20,7koa baita, eta 9.200 gazte aktibo daude langabe, 16 eta 24 urte bitartean.

Lurraldeetan banatuta, langabeen kopuruak Bizkaian izan du beherapenik handiena (5.000 gutxiago), eta langabezia tasa %11,6 da, %1,1 puntu gutxiago aurreko hiruhilekoaren aldean. Gipuzkoan, 26.000 langaberekin, 3.000 langabe gutxiago erregistratu dira, eta langabezia tasa %0,9 puntu jaitsi da, %7,7ra arte. Araban, 2.300 langabe gutxiago izan dira, aurreko hiruhilekoaren aldean, eta langabezia tasa %1,7 puntu portzentual jaitsi da, %10,5era.

Langabeziaren beherakada hiru hiriburuetan ere gertatu da. Gehien jaitsi den hiriburua Bilbo izan da, 3.700 langabe gutxiagorekin, eta ondoren, Gasteiz (1.900 gutxiago) eta Donostia (400 gutxiago).

Eurostat Europako Batasuneko Estatistika Bulegoaren datuen arabera, joan den maiatzean, 28 herrialdeko Europar Batasuneko langabezia tasa %7 da, eta Espainiakoa %15,8.

URTE ARTEAN

Bestalde, 2017ko bigarren hiruhilekoarekin alderatzen bada, EAEko landunen populazioa handitu egin da, 14.700 pertsona gehiagorekin, hau da, %1,6 gehiago. Gizonen artean 9.400 landun gehiago daude, eta emakumeen artean 5.400 gehiago.

Halaber, langabezia tasak %1,0 puntu portzentuak egin du behera urte artean, %11,1etik %10,1era, eta horrela, 9.500 pertsona gutxiago daude langabezian EAEn, 2017ko bigarren hiruhilekoko datuen aldean.

Gainera, zenbatespenen arabera, Gizarte Segurantzara 865.500 afiliatu daude batez beste urteko bigarren hiruhilekoan EAEn, inkesta egin zaien garaian. Haietatik, %98,9 lanean daude Lanaren Nazioarteko Erakundearen irizpideen arabera (856.000 pertsona).