Lekeitioko 41. Euskal Zine Bilerara lanak aurkezteko azken eguna abuztuaren 3a izango da

Iazko sari banaketa ekitaldia
EUSKAL ZINE BILERA
Actualizado: viernes, 25 mayo 2018 15:17

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

Lekeitioko 41. Euskal Zine Bilera urriaren 6tik 12ra bitartean ospatuko da, eta lanak aurkezteko azken eguna abuztuaren 3a izango da, antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez.

Antolatzaileek gogoratu dute iaz 40 urte bete zituela zine bilerak eta "aurrerapausoak emateko bideak" jorratzen hasi zirela. Horren emaitza da, besteak beste, aurtengo Euskal Zine Bilerako lehiaketan parte hartzeko oinarrien arautegi berria.

"Gaur egun ikus-entzunezko munduaren eta bertan egiten diren zinemaldi nahiz lehiaketen beharretara egokitu garen ustearekin parte hartzera animatu nahi zaituztegu Euskal Herriaren testuinguruan eta euskaraz lan egiten duzuen sortzaile, artista eta zinegileoi", azaldu dute.

Horrela, edozein zinemagilek har dezake parte Euskal Zine Bileran. Euskara izango da bilerara aurkezten diren lanetan erabiliko den hizkuntza, filman elkarrizketak edo off ahotsa erabiltzen badira. Euskara ez den beste hizkuntzaren bat erabiltzen bada, azpitituluak jarriko dira euskaraz eta azpititulu hauek irudira txertatuta joango dira. Lanek gehienez 30 minutu izango dute.

Edozein genero edo tratamendu zinematografiko lantzen dituzten filmak aurkeztu ahalko dira, eta aukeraketaz kanpo geratuko dira bideoklipak, iragarkiak, spotak eta bideo korporatiboak. Halaber, ez dira onartuko aurreko urteetako edizioetara aurkezturiko lanak eta 2017ko urria baino lehen egindakoak.

Orobat, ez dira onartuko arraza, sinesmen, etnia, adin, erlijio, sexu, genero identitate, sexu orientazio, itxura fisiko edo pertsonen gaitasunak iraintzen, gutxiesten edo jasartzen dituzten lanak. Hala ere, antolatzaileek ez dituzte bere egiten film laburretan egiten diren adierazpenak, erabilitako irudiak edota isuritako iritziak, eta, beraz, ez dute horien gaineko inolako erantzukizunik.

Pelikulak on line aurkeztuko dira. Zehazki, filma Youtube edo Vimeo kanaletara igo eta pasahitz bidez gorde ostean, Euskal Zine Bilerako webgunean, izen-emate orriarekin bat jarriko dira lotura eta pasahitza, pelikularen fotograma bat eta egilearen datu pertsonalak.

Lanak aurkezteko azken eguna abuztuaren 3a izango da, eta aurkeztutako lanen hautaketa Aukeraketa Batzordeak egingo du. Egileei aukeraketaren berri eman ostean, beren pelikulak mp4 edo mov HD formatoetan bidali beharko dituzte lehiaketan parte hartzeko.

SARIAK

Lehiaketan hautatuak izanagatik film labur bakoitzaren egileak edo egileek 200 euro jasoko dituzte. Taldeka egindako lanen egileek zenbateko berbera jasoko dute.

Arloka, Film Hoberenak 1.900 euro eta Zilarrezko Antzarra jasoko ditu; Zuzendaritza Hoberenak 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra; Gidoi Hoberenak, 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra; eta Ikusleen sariaren irabazleak 750 euro eta Zilarrezko Antzarra. Epaimahaiak sariren bat eman gabe uzteko ahalmena du eta bere erabakiak behin betikoak eta aldaezinak dira.

Sariak jaialdiaren amaierako ekitaldian jakinarazi eta banatuko dira. Irabazleak amaierako ekitaldira sariak jasotzera etorri beharko dira, edo bestela, norbait bidali haien ordez. Etortzerik edo inor bidaltzerik ez badute, sariak jasotzeko eskubide guztiak galduko dituzte.