Migrazio saldoak 10.725 pertsona ekarri zituen EAEra 2017an

Heldu zirenak joan zirenak baino gehiago izan ziren iaz EAEn
Europa Press - Archivo
Actualizado: martes, 18 septiembre 2018 11:08

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Migrazio saldoak positiboa izaten jarraitu zuen 2017an Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta, Eustat estatistika erakundeak emandako datuen arabera, joan den urtean etorkinak 10.725 gehiago izan ziren joaleak baino. 2016an 8.871 gehiago izan ziren.

Herrialdeka, Bizkaiak 5.461 pertsona irabazi zituen (migrazio saldo handiena zifra absolutuetan), Gipuzkoak 2.915 eta Arabak 2.349. Bestalde, hiriburuei dagokienez, Bilbon 2.533 pertsonako migrazio saldo positiboa izan zen, Gasteizen 2.153koa eta Donostian 1.007koa.

EAEren eta Estatuko beste erkidego autonomoen artean gertatu ziren mugimenduei doakienez, 2017an 720 pertsonako saldo positiboa izan zen, 2016an izan zenaren heren bat pasa. Zifra hori antzera banatu zen nazionalitate espainiarrekoen (344) eta beste nazionalitate batzuen (376) artean, aurreko urteetan beste nazionalitateetakoak gehiago ziren arren.

Beste herrialde batzuekin 10.005 pertsonako saldo positiboa izan zen iaz (guztizkoaren %93), alegia, EAEtik beste herrialde batzuetara joan zirenak etorri zirenak baino gutxiago izan ziren. Kasu horretan, nazionalitatearen aldagaiak rol askoz nabarmenagoa dauka. Horrela, Espainiako nazionalitatea dutenei dagokienez, migrazio saldoa -251 pertsonakoa izan zen; aitzitik, beste nazionalitateetakoei dagokienez, +10.256 pertsonako saldoa izan zen.

Bestalde, erkidegoz kanpoko mugikortasunari dagokionez, 2017an, EAEko 1.000 biztanletik ia 34 mugitu ziren. Herrialdeka, Araban 1.000 biztanletik 38,8 mugitu ziren, Gipuzkoan 1.000tik 33,5 eta Bizkaian 1.000tik 32,1. EAEk migrazio saldo negatiboa izan zuen Katalunia, Madril, Nafarroa, Balear Uharte eta Galiziarekin, eta positiboa gainerakoekin.

Halaber, immigrante gehien eman zuten erkidego autonomoak Gaztela eta Leon, Madril, Andaluzia, Kantabria, Katalunia eta Nafarroa izan ziren, hurrenkera horretan. EAEko joale gehien erakarri zuten erkidegoak, aldiz, ondokoak izan ziren: Madril, Gaztela eta Leon, Katalunia, Kantabria, Nafarroa eta Andaluzia. Seion artean EAEtik besteetara joan zirenen %65 jaso zuten.

Emigratzaileen batez besteko adina 36,4 urte izan zen, etorkinena baino handiagoa (33,1 urte). 21-40 urteko pertsonek immigrazioen %51 eta emigrazioen %49 egin zuten. Sexua kontuan edukiz, etorkinen %51 gizonak eta %49 emakumeak izan ziren, eta joaleen artean, aldiz, %54 eta %46, hurrenez hurren.

Bestalde, 2017an, beste nazionalitateetako 24.297 pertsona heldu ziren EAEra, heldutako guztien %58. Haietatik 5.620 beste erkidego autonomoetatik etorri ziren, bereziki, Madril, Katalunia, Andaluzia eta Valentziatik. 18.677 lagun atzerritik zuzenean etorri ziren.

Halaber, EAEtik alde egindako pertsonen %44 beste nazionalitateetakoak izan ziren, orotara 13.665 pertsona, eta haien arteko %62 atzerrira joan ziren. Gauzak horrela, atzerritarren saldoa +10.632 pertsonakoa izan zen.

BIZILEKU ALDAKETA

Bestalde, EAEko biztanleriaren %10,2k bizileku aldaketaren bat egin zuen 2017an, eta kasuen %67an EAEn bertan gertatu ziren aldaketak; gainerako kasuetan erkidegoz kanpokoak izan ziren. 2016ko zifra ia berberak dira horiek.

Orotara, EAEn 221.506 aldiz aldatu zen ohiko bizilekua joan den urtean, eta 98.140 kasutan udalerrian bertan izan ziren bizileku aldaketak. Erkidego barruko mugimenduak, hau da, jatorria zein helmuga EAEn zutenak, 50.369 izan ziren. Orobat, erkidegoaz kanpotiko immigrazioak, alegia, jatorria EAEtik kanpo eta helmuga EAEn zutenak, 41.861 izan ziren, haietatik 21.873 atzerritik.

Azkenik, erkidegotik kanporako 31.136 emigrazio gertatu ziren, bizileku aldaketaren jatorria EAEn eta helmuga EAEtik kanpora zutenak. Haietatik 11.868k norakoa atzerrian izan zuten, 2016an baino %2,4 gutxiago.