Olatuen energiaren bihurgailuak eraginkorragoak izateko kontrol sistema bat proposatu du EHUko ikerketa batek

Olatuen energiaren bihurgailu bat
EHU - Archivo
Actualizado: martes, 18 septiembre 2018 11:43

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gasteizko Ingeniaritza Eskolako eta Eibarreko Ingeniaritza Eskolako Kontrol Aurreratua ikerketa taldeak kontrol sistema sendo bat proposatu du olatuen energiaren bihurgailu erabilienetako baterako. Hain zuzen, makina elektrikoen kontrolean espezializatutako taldeek elikadura bikoitzeko indukzio sorgailu batekin batera ur zutabe oszilatzailea darabilen bihurgailurako proposatu dute kontrol sistema berria. "Ocean Energy" aldizkariak duela gutxi argitaratu du ikerketa, EHUk jakinarazi duenez.

Olatuen energia gero eta interes handiagoa hartzen ari da azken urteetan, eta berariaz diseinatutako sorgailu elektrikoak garatzen ari dira energia iturri berriztagarri horretatik elektrizitatea sortzeko. Horrela, EHUko Kontrol Aurreratua ikerketa taldeak proposatutako kontrol sistema sendoarekin egindako probetan erakutsi da sorgailuen eraginkortasuna "nabarmen" hobetzen duela.

"Halako sorgailu elektrikoak egokiak dira abiadura aldakorretan lan egiteko. Aldi berean, guk proposatutako kontrol sistemarekin, turbinaren errotazio abiadura kontrolatuz lortzen da sorgailuen eraginkortasuna hobetzea, abiadura horrek eragina baitu olatuen energia zinetikoa erauzteko prozesuaren efizientzian", azaldu du Oscar Barambones proiektuan parte hartu duen ikertzaileak.

Olatu energiatik eratorritako energia sortzeko, oso egokitzat jotzen dira elikadura bikoitzeko indukzio sorgailuak, bereziki diseinatuta baitaude baldintza aldakorretan eta aurreikusi ezin daitezkeenetan lan egiteko. "Inoiz ezingo da ezagutu zer aire fluxu sortuko duten olatuek eta erabili beharko duen sorgailuak, baina, halako bihurgailuetan, elektrizitate sorgailua gai da lan abiadura kontrolatzeko, sistemak abiadura optimoan jardun dezan, turbinak jasotzen duen aire fluxuaren abiadura edozein dela ere", zehaztu du.

Ikerketan ikusi nahi izan zuten bihurgailuaren errendimendua hobetzen ote zen kontrol sistema lerrakor bat gehituta. Sistema horren bereizgarria da behar bezala ibiltzen dela dinamika aldaberetan, parametro aldakorretan eta kanpo asalduren eraginpean ere.

EHUko ikertzaileak azaldu duenez, "kontrol sistema hori gehitzeak zer eragin zuen probatu genuen, lehenik, simulazio bidez, eta, ondoren, proba esperimentalen bidez, ikerketa taldeak Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan diseinatu eta eraiki duen plataforma esperimental batean".

"Plataforma esperimental horrek elikadura bikoitzeko sorgailu komertzial bat du, benetakoa. Motor batera konektatu dugu, eta motorraren bidez simulatu dugu olatuen energia sortzeko instalazio batean olatuek eragingo luketen aire fluxuak sortuko lukeen energia mekanikoaren profila", azaldu du.

EMAITZA ONAK

Oscar Barambonesek adierazi duenez, egindako probetan frogatu ahal izan dute olatuen energiaren bihurgailuen eraginkortasuna "nabarmen" handitzen dela. Bere hitzetan, "kontrol sistemak olatuen energiaren erauzketa maximizatzen du, turbinaren abiadura doitzen duelako sistema eraginkortasun handienarekin aritu dadin".

Ikertzaileak azaldu du sistema horien errendimendua optimoa izan ohi dela sorgailuak erreferentzia bati jarraitzea lortzen denean. "Eta erreferentzia hori fluxuaren abiaduraren menpekoa da, horren arabera aritu ahal izango baita turbina efizientzia handieneko puntuan", gaineratu du.

Horrez gain, probak bihurgailu komertzial batekin egin dituztenez, Barambonesek ziurtatu du kontrol sistema hori "berehala" ezarri ahal izango litzatekeela gailuetan.

Hala ere, ikertzaileak badaki "zailtasunen bat" ager daitekeela kontrol sistema hori baldintza errealetan ezartzeko orduan, eta aurreikusi duen arazo nagusiena turbinen inertziarekin lotuta dago. "Guk ez dugu inertzia handiekin lan egin, baina espero daiteke turbina erreal batek masa askoz handiagoa izatea, eta, horrenbestez, baita inertzia handiagoa ere. Eta ikusi dugunez, zenbat eta handiagoa izan inertzia, orduan eta zailagoa izango da sistemak erreferentzia optimoari doitasun handiz jarraitzea. Hala ere, turbinaren abiadura kontrolatuta, beti lortuko da sistemaren eraginkortasuna hobetzea. Aurrera jarraituko dugu gai horretan ikertzen", esan du.