Sute bat izan da Donostiako kale batean eta etxebizitzen bloke bat hustu behar izan dute

Actualizado: viernes, 23 marzo 2018 10:14

DONOSTIA, 23 Mar. (EUROPA PRESS) -

Sute bat izan da ostiral goizalde honetan Donostiako Iparragirre kaleko etxebizitzen eraikin batean, eta bizilagun guztiak atera behar izan dituzte, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Europa Press berri agentziari jakinarazi dionez.

Sutea goizaldeko 01.00ak aldera hasi da, Iparragirre kaleko eraikinaren lehen solairuan. Suhiltzaileak, Ertzaintza eta Donostiako Udaltzaingoa bertaratu dira eta eraikina hustu dute. Bestalde, Donostiako Udaleko iturriek azaldu dutenez, eraikinaren lehen pisuko bizilagunek adierazi dute zenbait leherketa entzun dituztela.

Sutearen jatorria bainugelan izan da, "seguru asko gainkarga elektriko bategatik". Sugarrek aerosol guztiak hartu dituzte (desodoranteak, bizarra mozteko aparra eta abar), eztanda egin dute eta barruko patioko leihoa ere lehertu dute.

Suteak bainugela bakarrik kaltetu du eta berehala itzali dute. Eraikineko auzokideak beren kabuz irten dira eraikinetik eta ez da zauriturik izan. Sugarrak itzali direnean, bizilagunak etxera itzuli ahal izan dira, sutea hasi den etxebizitzakoak izan ezik.