Tunisiako Gobernuak EAEko berdintasun politikak ezagutuko ditu, Europa Batzordeak antolatutako bidaian

Actualizado: martes, 18 septiembre 2018 14:09

GASTEIZ, 18 (EUROPA PRESS)

Europako Batzordeak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) berdintasun politikak aukeratu ditu beste herrialde batzuei praktika on bezala aurkezteko, eta aste honetan bisita antolatu die EAEra Tunisiako Gobernuko ordezkariei. Helburua da euskal administrazioek euren jardunean eta aurrekontuetan genero ikuspegia nola txertatu duten ezagutzea.

Emakume eta gizonen arteko berdintasun eza ezabatzeko helburuarekin eta gizarteko eragileen laguntzarekin erabili diren zenbait tresna eta arrakasta izan duten esperientziak aurkeztuko dizkiete euskal ordezkariek Tunisiako Gobernukoei, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko iturriek jakinarazi dutenez.

Tunisiako ordezkaritza Gobernuko hiru zuzendarik osatu dute, eta astearte honetan bertan Lehendakaritzan egin diete harrera Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak. Ondoren, Emakundeko zuzendariarekin eta zuzendaritza taldearekin bildu dira Emakunderen egoitzan berdintasun politiken azalpena jasotzeko.

Asteazkenean, irailaren 19an, ordezkari tunisiarrak Jaurlaritzako hainbat sailetako ordezkari politiko eta teknikariekin bilduko dira, hain zuzen, Ogasun eta Ekonomia Sailarekin, Gobernantza Publikoa eta Autogobernua Sailarekin, Enplegua eta Gizarte Politikak Sailarekin eta Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailarekin.

Eusko Jaurlaritzak zenbait gaien inguruan duen esperientzia azalduko die, hala nola genero ikuspegia duten aurrekontuak, Administrazio Orokorreko Berdintasun Plana, bizitza pertsonala eta lana bateratzeko politikak edota lurralde eta hirigintza planetan genero ikuspegiaren txertaketa.

VIRGINIA WOOLF BASQUESKOLA

Ondoren, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko eta Emakundeko ordezkariek genero prestakuntza esperientziak gerturatuko dizkiete, eta
arratsaldean, Eudel Euskadiko Udalen Elkarteko eta Emakundeko ordezkariekin, Virginia Woolf Basqueskola proiektua ezagutuko dute, emakume hautetsientzako ahalduntze eskola.

Bisita ostegunean bukatuko da, hilaren 20an. Tunisiako ordezkaritza Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin bilduko da, berdintasunerako foru araua onartu duen lehen aldundia baita. Gainera, Donostian bertan, Eudelek eta Emakundek koordinatzen duten Berdinsarea Berdintasunaren aldeko Udalen Sarearen berri izango dute eta Donostiako Emakumeen Etxea ezagutuko dute.