Urretxu-Zumarragako Kilometroetan parte hartzeko eta euskararen aldeko lanean "zubiak batzeko" deia egin du Olanok

Kilometroa 2018ko arduradunak Gipuzkoako Aldundiko arduradunekin
GIPUZKOAKO ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 17 septiembre 2018 17:42

DONOSTIA, 17 (EUROPA PRESS)

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak harrera egin die astelehen honetan Urretxu-Zumarraga ikastolak urriaren 7an antolatuko duen Kilometroak jaiaren antolatzaileei, Foru Aldundian, eta festan parte hartzeko eskatu die gipuzkoarrei. Gainera, "Zubiak batuz" lelopean egingo den ekitaldiaren helburuekin bat egin du, eta euskararen eta hizkuntza berdintasunaren aldeko lanean "zubiak batzeko" deia egin du.

Urretxuk eta Zumarragak hirugarren aldiz antolatuko dute elkarrekin Kilometroak jaialdia. Festaren xehetasunen eta antolakuntza lanen berri eman diote diputatu nagusiari ikastolako lehendakariorde Jakes Antiak, Montse Alkorta zuzendariak eta Igor Elortza eta Nekane Artola ikastolen elkarteko ordezkariek. Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabal ere bileran izan da.

Olanok babes eta atxikimendu osoa adierazi dizkio euskararen eta ikastolen aldeko ekimenari, eta Urretxu-Zumarragako ikastolak bere-berea duen lankidetza eredua goraipatu du -1966an sortu zenean, Urola Garaiko bi herriotako neska-mutilak elkarrekin heziko zituen lehen ikastetxea izan zen-. Aurtengo edizioak arreta berezia jarriko dio zubigintzaren garrantziari, hala nola hezkuntza komunitatearen barneko zubiei, parekidetasunaren eta aniztasuna lantzeko beharrezko zubiei eta euskara bultzatzeko beharrezko zubiei.

"Hainbat alorretan Urretxu eta Zumarragaren artean jorratutako elkarlana eredugarria da, eta ikastolaren jatorria eta ibilbidea da horren lekuko. Zubigintza eta lankidetza ezinbesteko balioak dira euskararen erabilerari eta hizkuntza berdintasunari bultzada berri bat eman nahi badiogu. Kilometroak jaialdiak aukera paregabea eskainiko digu elkarlanaren konpromisoa berritu eta hizkuntza biziberritzeko lanean pauso berriak emateko beharra aldarrikatzeko", adierazi du Olanok.