Abenduaren 31ra arte luzatu dute EAEn gripearen aurkako txertaketa kanpaina

Gizon bat gripearen aurkako txertoa hartzen.
IREKIA
Actualizado: jueves, 21 noviembre 2019 11:36

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak erabaki dute abenduaren 31ra arte luzatzea gripearen aurkako txertaketa kanpaina, hasieran azaroaren 23ra arte izatea aurreikusi zuten arren. Horrela, arrisku taldeko biztanleek, batik bat 65 urtetik gorakoek, gaixotasun kronikoren bat duten pertsonek edo haurdun dauden emakumeek, txertoa hartzen eta babesa areagotzen jarraitu ahal izango dute.

Ildo horrretan, EAEko osasun arloko agintariek gogorarazi dute txertoa hartzea dela gripeari aurre egiteko eta gaixotasunak arrisku taldeetan konplikaziorik ez eragiteko tresna seguruena eta eraginkorrena.

Txertaketa kanpaina urriaren 14an hasi zen eta, lehen bost asteetan, 311.766 pertsonak hartu dute txertoa, aurreko urtean baino 1.000 inguru gehiagok. Txertoa jaso dutenen %80 inguru 65 urtetik gorakoak izan dira, alegia, talde horretan %50ek hartu du.

Kanpainarako 400.000 dosi baino gehiago eskuratu dira, eta, hala behar bada, kopurua gehitu egingo da. Dosi horiek erosteko 1,4 milioi euro inbertitu dira, aurreko kanpainan baino %16 gehiago.

Bestalde, Osasun Sailak eta Osakidetzak jakinarazo dute Euskadiko gripe jarduera oso baxua dela oraindik, baina egoera alda daitekeela datozen asteetan. Gogorarazi dute iaz 1.662 pertsona ospitaleratu zirela gripearen eraginez eta, haietatik, 435 larri egon zirela. Aurreko denboraldian, gripearen intzidentzia handieneko astea 2019ko hirugarren astea izan zen; orduan, 100.000 biztanleko 532,5 kasu erregistratu ziren.