Artiumek 91.547 bisitari izan zituen 2019an

Artium museoa.
ARTIUM
Actualizado: viernes, 17 enero 2020 13:51

GASTEIZ, 17 (EUROPA PRESS)

Gasteizko Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak 91.547 bisitari jaso zituen 2019. urtean. Oro har, 45 urtetik beherako emakumea izan zen Artiumeko bisitaria, museoaren arduradunek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

Museoaren programa desberdinetako erabiltzaileei dagokienez, oro har, gora egin zuen museoaren berezko programetako parte hartzaile kopuruak, eta behera, berriz, kanpotik ekarritako ekitaldietako parte hartzaileenak. Hala, berezko programetan %5 handitu zen kopurua, eta, ildo horretan, nabarmentzekoa da %6ko gorakada izan zela erakusketa aretoetako bisitetan eta %16koa hezkuntza programetan.

Aitzitik, museoaren kultura jardunetik kanpo egindako ekitaldietan %29 gutxitu zen erabiltzaileen kopurua. Museoaren Interneteko ikustaldi kopurua %25 handitu zen, eta 431.000 ikustaldi izan ziren.

Hitzaldi, zinema ziklo, ikastaro eta arte eszenikoen kultur jardueretan parte hartu zuten pertsonak museoak jasotako guztien %24 izan ziren, eta hezkuntza programen baitan eskoletatik jasotako bisitak, berriz, %17. Bestalde, arte nahiz kultura garaikidean espezializatutako Liburutegi eta Dokumentazio Zentroaren erabiltzaileak Artiumen izandako pertsona guztien %12 izan ziren.

Portzentaje horiek erakusketetako bisitarienei gehituz gero, ikus daiteke museoak izan zituen bisitarien %87k jarduera kultural eta artistikoren batean parte hartu zuela Artiumen. Museoaren programaziotik kanpoko jardueretan parte hartu zuten erabiltzaileen kopurua %13 izan zen 2019an.

Bisitarien jatorriari dagokionez, 2019an, bisitarien %56 izan ziren Euskal Autonomia Erkidegotik (EAE) kanpokoak. Beraz, berretsi egin zen azken ekitaldietako joera, hots, turismoak gero eta protagonismo handiagoa duela museoko bisitetan. Dena dela, Artiumek bertako eta kanpoko erabiltzaileen banaketa orekatuari eutsi zion.

Zehazki, erabiltzaileen %34 arabarrak izan ziren, %10 bizkaitarrak eta gipuzkoarrak, %30 beste autonomia erkidego batzuetakoak eta %26 atzerritarrak. Espainiarren artean, madrildarrak, katalanak eta gaztelarrak izan ziren ugarienak Artiumen, eta atzerritarren artean, berriz, frantsesak, britainiarrak, italiarrak eta alemanak, hurrenkera horretan.

ADINA ETA GENEROA

Adinaren eta generoaren arabera aztertuz gero, Artiumeko bisitari gehienak emakumeak izan ziren (%54 emakumeak eta %46 gizonak), eta 44 urte baino gutxiagokoak (%55). Bisitari multzo nagusia 25 eta 65 urte bitarteko helduek osatu zuten, bisitari guztien %63 izan baitziren; bisitarien %13 izan ziren 65 urtetik gorakoak, eta %24, berriz, 25 urtetik beherakoak.

Interneteko eremuari dagokionez, Artiumen webguneek 431.000 bisita izan zituzten 2019an, eta milioi bat orri ikusi ziren; horrek esan nahi du erabilera %25 handitu zela 2018ko estatistikekin alderatuta. Sare sozialetan, Artiumek Facebooken duen jarraitzaile kopurua 28.600era igo da (%3), eta Twitteren, berriz, 17.870 jarraitzaile lortu ditu (gorakada txiki bat izan du, %0,2koa).

Museoa 2018an hasi zen Instagram erabiltzen, eta jada 2.290 jarraitzaile ditu (aurreko ekitaldian baino %50 gehiago). Artiumek Youtubeko eta Vimeoko kanaletan argitaratutako bideoek 32.000 erreprodukziotik gora izan zituzten 2019an, eta 6.000 bisualizazio ordu baino gehiago izan zituzten orotara.