Atun Tropikalaren Batzorde Interamerikarrak 250etik gora ordezkari bilduko ditu aste honetan, Bilbon

- IREKIA

Actualizado: lunes, 22 julio 2019 10:41

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Atun Tropikalaren Batzorde Interamerikarrak 94. Bilera hasi du Bilboko Euskalduna jauregian, astelehen honetan, eta mundu osoko 250 ordezkari politiko, zientzialari eta enpresari baino gehiago elkartuko ditu ostirala arte, atunen eta antzeko espezieen alde eta Ekialdeko Pazifikoan dauden beste itsas espezie elkartuen alde lanean jarraitzeko asmoarekin.

Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak inauguratu du biltzarra. Bere hitzaldian, sektoreak Jaurlaritzarentzat duen garrantzia nabarmendu du, "lehiakorra eta errentagarria" ez ezik, "gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik iraunkorra izatea" ere nahi baitu Lakuako Gobernuak.

"Euskal flotaren tunidoen arrantza izan da eta da Euskal Herriko arrantza jardueraren oinarrietako bat. Eta ez hori bakarrik: Euskal Herriaren nortasuna eta itsasoarekiko grina markatu dituzten tradizioetatik datorren arrantza da", esan du.

Azken hamar urteetan, hegaluzearen baxurako harrapaketak Ipar Atlantikoko stockaren guztirako harrapaketen %27 izan dira, eta hegalaburrarenak, berriz, Ekialdeko Atlantikoko eta Mediterraneoko stockaren harrapaketen %5. Arrantza selektiboa da, ingurumena errespetatzen duten harrapaketa metodo tradizionalekin egiten baita, "eta horrek egiten du flota honen harrapaketak kalitate bikaina izatea".

Atun tropikalen arrantzari eta Euskal Herriko atun sektoreari dagokienez, "dudarik gabe" sektore erreferentea da Euskal Herrian, ziurtatu du Arrantza zuzendariak. Hala erakusten dute, gainera, datu hauek: euskal flotak hainbat banderatako 54 itsasontzi ditu eta ozeano guztietan harrapatzen diren tunido tropikalen munduko harrapaketen %10 arrantzatzen ditu; sektoreak 7.900 zuzeneko enplegu eta 21.000 zeharkako sortarazten ditu guztira, eta horietatik Euskadin 1.700 zuzeneko eta 3.000 zeharkako, eta 1.550 milioi euroko jarduera ekonomikoa; gainera, atun ontzien %95en diseinua, ingeniaritza eta eraikuntza "made in Euskadi da".

Halaber, Azkuek balioetsi nahi izan du "euskal arrantzaren sektoreari eskainitako ahalegina, sektorearen garapen zientifikoa eta teknikoa edo, beste era batera esanda, sektorearen modernizazio teknologikoa eta ekimen berritzaileen aldeko apustua ekartzen baititu".

ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA

Zentzu horretan, azken urteetan, euskal administrazioaren eta sektorearen beraren konpromisoari esker, arrantzaren zientzia eta teknologiaren euskal sistema indartzea lortu da, giza baliabide eta baliabide material asko erabiliz ikerketa, garapen teknologiko eta berrikuntzako jarduerak egiteko. Hala, zientziaren eremuan Aztiko ikertzaileak laguntzen eta parte hartzen ari dira arrantza kudeaketarako munduko erakunde guztiekin.

Gainera, Arrantza zuzendariak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzatik Bermeo Tuna World Capital elkarteari ematen ari zaion bultzada. Elkarteak 30 bazkide baino gehiago dauzka gaur egun, eta bere helburua da atunaren inguruko kudeaketa iraunkorra bultzatzea maila globalean, baliabide naturala den heinean, ezagutza zientifikoaren eta jardunbide egokien lidergoaren bitartez.

Ekimen horren esparruan, Leandro Azkuek jakinarazi du lanean ari direla "atunaren iraunkortasunaren aldeko nazioarteko adierazpenaren akordioa lantzeko".