Bagera eta Donostiako Udala hasi dira lanean bigarren Euskaraldiaren antolakuntzan

Tabakaleran egindako agerraldian izan diren ordezkariak.
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: lunes, 27 enero 2020 13:00

DONOSTIA, 27 (EUROPA PRESS)

Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea eta Donostiako Udala hasi dira lanean azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldia ariketa sozialaren bigarren edizioa prestatzeko. Norbanakoek ez ezik, entitateek ere parte hartzea lortu nahi da bigarren edizioan, hizkuntza praktika berriak bultzatzen jarraitzeko neurriak hartuz.

Horren guztiaren berri emateko agerraldia egin dute astelehen honetan, Tabakaleran. Eneko Goia Donostiako alkateak eta Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak Euskaraldiak dituen ezaugarriak eta erronkak gogoratu dituzte. Maddi Juanikorena Bagerako ordezkariak, berriz, bigarren edizioak dituen berrikuntzak aipatu ditu.

Bestalde, Euskaraldian parte hartuko duten Donostiako entitate batzuk, hala nola Amara Berri Auzo Elkarteak, Aquariumak, Arantzazuko Ama ikastolak, Kutxa Fundazioak, Plazara Goaz Intxaurrondoko Euskara Batzordeak eta Realak, zergatik parte hartuko duten eta beren erakundeetan hizkuntza ohiturak aldatzeko zein urrats emango dituzten iragarri dute.

Euskaraldiaren bigarren edizioaren berrikuntza entitateetan datza, erakunde barruan ariguneak identifikatu eta sortzea eskatuko baitzaie. Ariguneak euskaraz lasai aritzeko guneak dira, entitate baten barruan dagoeneko eratuta dauden hiztun taldeak edo espazioak.

Arigune bat sortu ahal izateko, ezinbestekoa izango da bertako kide guztiek euskara ulertzea eta gehienak ariketa egiteko prest egotea. Arigune horiek, beraz, kideen adostasunez osatzen dira eta bertan parte hartuko dute ahobiziek edo belarriprestek. Ariguneak hizkuntza ohiturak aldatu eta finkatzeko egokiak izatea da helburua.

Bi motako ariguneak egongo dira. Alde batetik, barne funtzionamenduko guneak daude, hau da, entitate barruko taldeak, eta, bestetik, kanpo harremanetarako guneak, hots, herritarrekiko harreman espazioak, herritarrekin osatutako ariguneak (espazio horietan 15 egunez beti egongo da belarriprest edo ahobizi bat, herritarrak euskara hitz egiteko aukera izan dezan).

INTXAURRONDO

Agerraldian gogoratu dute Euskaraldian abian jarri nahi den metodologia probatu zela jada 2019ko azaroaren 22tik abenduaren 3ra Intxaurrondon, 'Nitik haratago! Baietz 11 Intxaurrondon!' izeneko ariketan, Plazara Goaz euskara batzordeak sustatuta.

Halaber, hizkuntza aktibaziorako ariguneez gain, herritarrak "ezinbestekoak" izango direla nabarmendu dute, hau da, ahobiziak eta belarriprestak. Donostian aurreko edizioan baino belarriprest gehiago lortzea izango da erronketako bat. 2018an Donostian parte hartu zutenen %73k (12.849 pertsona) ahobizi rola aukeratu zuen, eta %27k (4.800 pertsona) belarriprestena. Belarriprest gehiago erakarrita ahobiziak indartzea lortzen dela gogoratu dute antolatzaileek.

Azkenik, gogoratu dute Euskaraldian parte hartu nahi duen edozein entitatek izena eman dezakeela jada euskaraldia.eus atarian. Izena emateko epea uztailean bukatuko da. Entitate batek parte hartu nahi badu gutxienez arigune bat sortuta izan beharko du.