#Basquexperience izango da Euskadiko turismoaren lelo berria

Sonia Pérez eta Maite Iturbe.
IREKIA

Actualizado: lunes, 11 noviembre 2019 13:42

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

#Basquexperience izango da aurrerantzean Euskadiko turismoaren irudi eta lelo berria, Sonia Pérez Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak astelehen honetan iragarri duenez. Gainera, bereziki barne merkatua sustatzeko Turismo Sailak EiTBrekin elkarlanean egin dituen hainbat telebista programatan agertuko da irudi berria.

Pérezek eta EiTBko zuzendari nagusi Maite Iturbek aurkeztu dituzte Euskadiko turismoaren irudi, lelo eta doinu proipio berriak, Bilboko Guggenheim egindako agerraldian.

Turismo sailburuak Euskadin turismoak bizi duen "une gozoa" gogoratu du, eta horretaz baliatzeko eskatu du, "hurbil dugun espazio batean aukera ugari eskaintzen dituen helmuga erakargarri gisa Euskadiren irudia indartzeko". "Euskadik bera irudikatuko duten berezko izen bat eta melodia bat merezi ditu, bere izaera, sustraiak, oraina eta etorkizuna erakusteko", gaineratu du.

Horregatik, doinu propioa sortu da "Euskadik nolako soinua duen gogoratzeko, antzinako tradizioa eta berrikuntza kosmopolita gogoratzeko, itsasoa, gatza, basoetako goroldioa eta bailaretako berdea gogoratzeko, kulturarekin elkartutako industrien burdina eta kea gogoratzeko, euren sustraiekin leialak diren abangoardiako hiriak gogoratzeko; kalitatezko produktuak, lapikoen eta saltsen lurrina, eta sukaldeko delicatessenak gogoratzeko. Euskadik bere soinua, usaina eta zaporea ditu, esperientzia paregabea da".

Euskadiren aberastasunaz gozatzen duten bisitariek bisita liburuetan utzitako oharren grafian oinarritutako #Basquexperience leloan islatuko da esperientzia izaera hori.

TELEBISTA PROGRAMAK

Azaro honetatik aurrera ikusi ahal izango diren hainbat telebista programatan estreinatuko dira doinua eta leloa, EiTBrekin elkarlanean. Programotan arreta berezia emango zaie Euskadiko biztanleei, "gutxiago ezagutzen dituzten edo, ezagunak izan arren, hain ohikoak ez diren ikuspegiak eta espazioak gordetzen dituzten txokoak bisita ditzaten".

"Euskadin, bigarren merkatu garrantzitsuena gure autonomia erkidegoko pertsonek osatzen dute, bisitari guztien %10 dira. Garrantzitsua da ez bakarrik beste autonomia erkidegotako bisitariengana zuzentzea, baizik eta baita bertako bisitariengana ere, askotan gure lurraldean barrena mugitzen garelako, bertan bidaiatzen dugulako eta gure lurra ere ezagutu nahi dugulako", azaldu du.

Telebista programak modu monografikoan planteatuko dira gai ezberdinak jorratuz, baina beti elementu nbarmenenak barne hartzeko aukera ematen duen zeharkako ikuspegi batekin. Natura turismoa, familia turismoa, industria turismoa, hiriburuak, kostaldea eta enoturismoa dira gai horietako batzuk, esperientzia gastronomikoz eta erosketa arduratsuko turismoz lagunduta.

"Izan ere, erosketa arduratsuen turismoak gero eta garrantzi handiagoa hartzen du kapituluetan zehar, benetako erosketa esperientziak indartzeko eta garatzeko asmoz. Denda horiek balioa eransten diote gure turismo eskaintzari eta, aldi berean, euren turismo eta jarrera marka definitzen dute", adierazi du.