Berbagunea egingo dute ostegunean Bilbon, 'Denon artean euskara eraikitzen' izenburuarekin

Berbagunearen aurreko ekitaldi bat.
BILBOKO UDALA
Actualizado: miércoles, 20 noviembre 2019 14:19

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Berbagunea ekimenaren zortzigarren edizioa egingo dute ostegunean, azaroaren 21ean, Bilboko Azkuna Zentroan, hiritarren eguneroko bizimoduan euskararen erabilera sustatzeko eta normalizatzeko asmoz. 'Denon artean euskara eraikitzen' goiburuarekin, Berbaguneak urteroko hitzordura gonbidatu ditu bilbotarrak, eta 1.000 pertsona baino gehiago bildu nahi ditu.

Euskaldunak eta euskara ikasten ari direnak elkartzen ditu Berbaguneak, eta aukera ematen zaie duten euskara aberasteko, hitz egiteko moduak partekatuz era guztietako pertsonekin, inor baztertu gabe. Euskaraz hitz egitea da kontua eta, horregatik, euskaldunberriek eta euskaldunzaharrek dute lekua, "garrantzitsua euskararen erabilera normalizatzea eta euskara ikusgarriagoa egitea baita, kalean eta gizartearen eremu guztietan euskara gehiago egitea", aurkezpenean esan dutenez.

Berbagunean, adin eta egoera guztietako pertsonak mahai baten inguruan esertzen dira, giro lasaian hainbat gairi buruz euskaraz hitz egiteko. Ekitaldia erakargarria izateko, kultura, gizarte, ekonomia, kirol eta politika arloetako eragileek ere parte hartzen dute eta mahai berean egoten dira Berbaguneko partaideekin.

Euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gai diren 1.000 pertsona baino gehiago bildu nahi ditu Berbaguneak. Horretarako, mahai beraren inguruan jarriko dira euskaldunak eta euskara ikasten ari direnak. Txandak ordu eta erdikoak izango dira, 09:30etik 19:30era bitartean. Jarduera egun osoan izango da, Azkuna Zentroko atrioan, lau txandatan: lehen txanda 09:30etik 11:00etara izango da, bigarrena 11:00etatik 12:30era, hirugarrena 12:30etik 14:00etara eta laugarrena 18:00etatik 19:30era.

Lehenengo hiru txandatan Batxilergoko eta DBHko laugarren mailako ikasleak arituko dira batez ere, Bilboko zenbait ikastetxeen partaidetza baitu ekimenak; ordutegi berean hiriko euskaltegietan euskara ikasten dabiltzanak ere egongo dira. Arratsaldeko txanda, ordea, ekimenean parte hartu nahi duten herritarrentzat gordeta egongo da.

Txanda bakoitzean hainbat talde antolatuko dira. Talde bakoitzean sei pertsona egongo dira eta aurretik jarritako gai bati buruz hitz egingo dute. Hogei minutu pasata, egondako mahaitik altxatu eta beste mahai batera joango dira, beste gai bati buruz hitz egiteko. Txanda bakoitzean birritan aldatuko dira mahai batetik beste batera parte hartzaileak; horretarako, bakoitzak triptiko bat jasoko du jorratuko dituzten gaiekin. Gainera, mahai bakoitzean pertsona bat egongo da gaia proposatu eta elkarrizketa gidatzeko.

ASIER HORMAZA ETA GONTZAL MENDIBIL

Aurten, Asier Hormaza aktorea izango da Berbaguneko aurkezle eta dinamizatzailea; Gontzal Mendibil ere arituko da zortzigarren edizio honetan, eta abesti herrikoiak kantatuko ditu parte hartzaileekin batera.

Gainera, nobedade moduan, eta euskarazko kultur eskaintza zabalagoa emate aldera, ikastetxeek, euskaltegiek eta norbanakoek 'Agur Etxebeste' filma ikusteko aukera izango dute, hala eskatzen badute, Berbagunera egiten duten bisitaren barruan.

Berbagunean parte hartu nahi duten pertsonek izena eman behar dute aurretik, 944 162 472 telefonoan edota berbagunea@gmail.com helbidean. Lekuak bete arte eman ahal izango da izena. Kutxabank, El Corte Inglés eta 'Deia'-ren babesa du Berbaguneak.