BetiON zerbitzuak lantoki berria du Aretxabaletan, Debagoiena, Durangalde, Gorbeialde eta Goierriri arreta hobea emateko

Marian Olabarrieta eta Iñigo Mijangos.
IREKIA
Actualizado: miércoles, 19 febrero 2020 14:41

DONOSTIA, 19 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak sustatutako BetiON telelaguntzako zerbitzuak lantoki berria zabaldu du, Aretxabaletan (Gipuzkoa), Debagoiena, Debabarrena, Durangaldea, Gorbeialdea eta Goierri eskualdeetan bizi diren zerbitzuaren 6.653 erabiltzaileei zerbitzu hobea emateko. Guztira, Aretxabaletako zentro berriak Euskal Autonomia Erkidego (EAE) osoko erabiltzaile guztien %11ri emango dio arreta. Dagoeneko 56.250 erabiltzaile ditu BetiON zerbitzuak.

Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendari Marian Olabarrieta eta BetiON telelaguntza zerbitzuko arduradun Iñigo Mijangos instalazio berriak bisitatu dituzte, asteazken honetan. Bilbon, Donostian eta Gasteizen existitzen ziren lantokiei gehitu zaie Aretxabaletakoa.

Orain arte, inguru horretako erabiltzaileei hiru hiriburuetako zentroetatik ematen zieten arreta. Zabaldutako zentro berriarekin, BetiON-ek zerbitzu hobea eman nahi die Aretxabaleta inguruko erabiltzaileei. Hala, adibidez, udalerri horretatik Eibarrera hurbiltzeko denbora murriztu egin da. Gaur egun ordu erdi behar da batetik bestera joateko.

Halaber, Aretxabaletan zabaldutako zentroari esker, inguru horretan telelaguntzako zerbitzu hau gehiago ezagutzera eman nahi da, zerbitzuaren beharra izan dezaketen erabiltzaileen kopurua handitzeko: adibidez, bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonak; mendetasun maila bat aitortuta duten 65 urtetik gorako pertsonak; pertsona desgaituak; aurretik banakako balorazioa egin ondoren azaltzen diren beste kasu batzuk.

"Zentro honekin gure adinekoen arreta hobea izatea nahi dugu. Gaur, etxean jarraitu nahi duten adineko pertsona guztiak animatu nahi ditugu, han egon nahi baitute, BetiON eskaintzen dien kalitatearekin eta segurtasunarekin", adierazi du Olabarrietak.

GOGOBETETASUNA

Bestakde, BetiON telelaguntzako zerbitzua oso ondo baloratu dute bere erabiltzaileek. 2019ko gogobetetasun balantzearen arabera, hamar erabiltzailetik bederatzik "oso arreta ona" eta "arreta ona" jaso dutela adierazi dute, eta bostetik ia 4,5eko puntuazioa eman diote.

Larrialdi egoerak eman daitezkeenean laguntza jasotzea, erabiltzaileen senitartekoen artean eragiten duen lasaitasuna eta edozein gorabeheraren aurrean laguntza eskatzeko aukera dira BetiON zerbitzuko ia erabiltzaile guztientzako ezaugarri erabilgarrienak. Halaber, instalazio teknologikoko prozesuak erabiltzaileen itxaropenak asetzen ditu, eta pertsonen %80ri oso positiboa iruditzen zaio.

"Zerbitzu hau abian jarriz, adineko biztanle asko dituen eremu geografiko bati arreta hobea eman nahi diogu. Izan ere, ingurune hori Euskadiren erdialdean egon arren, pixka bat urrun geratzen zen hiru hiriburuetan kokatuta zeuden bulegoetatik. Aretxabaletako zentro berri honekin, Euskadiren erdialdean kokatutako eskualdeek (Debagoiena, Durangaldea, Gorbeialde eta Goierri) zerbitzu hobea jasoko dute, baina betiko kalitate-estandar berberekin", adierazi du Mijangosek.