Bilboko Udalak bere nazioartekotze estrategia aurkeztuko du Eurocities foroaren topaketan, Grenoblen

Zubi Zuri, Bilbon
BILBOKO UDALA
Actualizado: miércoles, 17 octubre 2018 13:17

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak Eurocities sarearen Garapen Ekonomikoko Foroaren aurtengo bigarren edizioan parte hartuko du asteazken honetatik ostirala arte, Grenoble hirian (Frantzia). Udaleko ordezkariek hiria nazioartekotzeko estrategia aurkeztuko dute sarea osatzen duten hirietako arduradun instituzionalen eta teknikarien aurrean.

Garapen ekonomikoari buruzko bigarren ekitaldi handi honek hiriek ekonomiaren arloan egiten duten nazioarteko lankidetzan jarriko du arreta. Foroaren helburuak datozen hiru egunetan zehar eztabaidatuko dira, eta sareko eragileen artean erabakiko dira Europar Batasuneko instituzioei helaraziko zaizkien mezuak. Helburu horien artean daude ETEak nazioartekotzea edo hiriek Europako programetan parte hartzea, besteak beste.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, Eurocities sareak 140 hiri baino gehiagoko tokiko gobernuak batzen ditu. Gobernu horiek 39 herrialdetako 130 milioi pertsona gobernatzen dituzte. Foroen, lantaldeen, proiektuen, jardueren eta ekitaldien bidez, sareko kideek jakintzak eta ideiak partekatuko dituzte, eta ondoren Europar Batasunera helaraziko dituzte.

Bilboko Udalak Garapen Ekonomikoko Foroaren lehen topaketan parte hartu zuen joan den martxoan. Lehen topaketa ezagutzaren ekonomiari buruzkoa izan zen, Portugalgo Braga hirian, eta Bilboko ordezkariek espezializazio adimentsuaren estrategia aurkeztu zuten.