Bilboko Udalak bi milioi euroko dirulaguntza emango dio Arte Ederren Museoari, urteko programa aurrera ateratzeko

Arte Ederren Museoa.
BILBOKO UDALA
Actualizado: viernes, 24 enero 2020 17:55

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak erabaki du lankidetza hitzarmen berria sinatzea Arte Ederren Museoa Fundazioarekin, eta, akordio horren bidez, museoak 2.089.000 euroko dirulaguntza jasoko du, 2020. urteari dagokion programa aurrera atera dezan.

Modu honetan, Bilboko Udalak Arte Ederren Museoaren aldeko konpromisoa berretsi nahi du. Izan ere, datozen hiletan, instalazioak handitzeko tramiteak hasiko ditu Norman Foster eta Luis María Uriarte arkitektoek landutako Agravitas proiektuaren bitartez, Juan Mari Aburto alkateak 2019-2023 Agintaldi Planaren aurkezpenean iragarri zituen lehentasunezko 100 ekintzen barruan.

Horren harira, Arte Ederren Museoa handitzea da 'Kultura eta kirola' ildoaren barruan aurreikusitako 11 ekintzetako bat, Bilbao Arte handitzearekin, Euskal Museoa modernizatu eta handitzearekin, Azkuna Zentroa kultura garaikidearen gunetzat finkatzearekin, Guggenheim Bilbao Museoarekin duen lotura sendotzearekin eta Kultura Plan Estrategiko berria lantzearekin batera, besteak beste.

Bilboko Udala Arte Ederren Museoaren jabea da, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera. 2000ko azaroaren 15ean, hiru jabeek Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioa eratzea erabaki zuten, pinakoteka osatzen duten elementuak sustatzeko eta garatzeko.

Harez geroztik, Arte Ederren Museoa Fundazioak lanean dihardu Bilboko pinakotekako antzinako artearen, arte modernoaren eta arte garaikidearen bilduma sustatu eta garatzeko, eta hezkuntzaren eta euskal kulturaren proiekzioaren inguruko ekimenak ere bultzatzen ditu.