Bizkaiko Ogasunak 5.893 milioi euro bildu ditu iraila arte, iaz baino %4,5 gehiago

Dirua
ACEA - Archivo
Actualizado: lunes, 15 octubre 2018 17:02

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Foru Ogasunak 5.893,4 milioi euro bildu ditu urtarriletik irailera, iazko aldi berean baino 251,5 milioi euro gehiago, hau da, %4,5 gehiago. Era berean, urteko lehen bederatzi hilabeteetan lortutako diru sarrerak ekitaldi osorako aurrekontuetan jasotako zerga itunduen diru sarrera guztien %79,4 dira.

Foru erakundeak jakinarazi duenez, zergapetze zuzenak 2.925,2 milioi euro bideratu ditu diru bilketara, eta, hala, iazko datuekin alderatuta, %5,3 gehitu da. Atal honetan, PFEZak 2.016,2 milioi euro ekarri ditu. Horrekin lotuta, lan atxikipenak %3,2 igo dira, eta horien bidez 1.939,8 milioi euro lortu dira.

Bestalde, Sozietateen gaineko Zergarekin 742,4 milioi euro bildu dira, hau da, 2017an baino 74,4 milioi euro gehiago. Halaber, Ondarearen gaineko Zergaren ondorio ere diru bilketak gora egin du: %7 gehitu da diru bilketa, 83 milioi euro bilduta.

Zeharkako zergapetzeari dagokionez, 2.602,5 milioi euro bildu dira, hots, iaz baino %10,7 gehiago. Zenbateko horretan dagoeneko kenduta daude Araba eta Gipuzkoari ordaindutako 601,5 milioi euroak, BEZaren eta zerga berezien ondorioz egindako barne egokitzapenen ondoren. Balio Erantsiaren gaineko Zerga %14,2 igo da, eta, beraz, 2.051,9 milioi eurora iritsi da. Zerga berezien artean, Hidrokarburoena %6,5 igo da.

Tasak eta bestelako diru sarrerak gehituta, kudeaketa propioko zerga itunduen zenbatekoa 5.575,6 milioi eurokoa izan da, hau da, %7,7ko igoera gertatu da. Zenbateko horri Estatuarekin egindako egokitzapenen ondorioz jasotako 317,7 milioi euroak gehitu beharko zaizkio (427,7 milioi BEZagatik eta -107 milioi euro zerga bereziengatik).