Bizkaitarren %73k uste du covid-19ak sortutako egoerak eragin handia edo nahikoa izango duela bizi kalitatean

Jendea paseatzen, Santurtzin
SANTURTZIKO UDALA
Actualizado: viernes, 3 julio 2020 16:41

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Foru Aldundiak azterketa soziologiko bat egin du pandemiak hainbat arlotan izan duen eragina eta koronabirusak sortu duen krisia ezagutzeko, eta, horren arabera, besteak beste, herritarren %73k uste du covid-19ak sortutako egoerak eragin handia edo nahikoa izango duela lurraldeko bizi kalitatean.

Ekainaren 8tik 22ra bitarte telefono bidezko 1.100 inkestaren bidez egin da azterlana, eta agerian utzi du 18-24 urtekoek eta 64 urtetik gorakoek, hau da, gazteenek eta zaharrenek, uste dutela bizi kalitatean eragin txikiagoa izango duela. Nolanahi ere, baikorrenak adin tarte horietan %25era eta %27ra baino ez dira iristen, hurrenez hurren.

Halaber, elkarrizketatutako pertsonen %76k establezimendu berberetan erosten jarraitzuko du (dendak, tabernak, jatetxeak), krisi egoeraren aurretik egiten zuen bezala. Asmo hori are nabarmenagoa da adinari dagokionez helduenak diren biztanle taldeen artean (55-64 urtekoen %82 eta 64 urtetik gorakoen %87).

Betiko establezimenduetako kontsumoari lotutako fideltasuna ez dator bat honako gai hauei buruzko jarrera ez hain argiekin: garraio publikoaren erabilera (%37k baino ez du ziurtatzen beti bezala erabiliko duela), aisialdia eta ikuskizunak (%29), oro har hartzen den kontsumoa eta erosketa erabaki handiak (%22k baino ez du baieztatzen etxebizitzan, autoan, etxeko erreformetan eta abarretan egiten dituen inbertsioei eutsiko diela).

Bestalde, osasun krisia nola bizi izan den aztertuzta, hamar bzkaitarretik bik soilik adierazi dute covid-19 kasuren bat izan dutela familia ingurunean, eta %56k ez du inolako kasurik zuzenean ezagutu, komunikabideen bidez izan ezik. Familia ingurunean kasuak izan dituzten pertsonen artean, %16 etxe berean bizi ez ziren pertsonen artean gertatu da; %30aren arabera, lagunen eta lankideen kasuren bat ezagutzen du bere ingurune zuzenean, eta portzentaje hori %38ra igotzen da 35 eta 44 urte bitarteko pertsonen artean.

KONFINAMENDUA

Gainera, Bizkaiko herritarren %49k ondo edo nahiko ondo gainditu du konfinamenduaren esperientzia, eta %31k adierazi du ez ondo ez gaizki gainditu duela; %19k baino ez du gaizki edo oso gaizki bizi izan.

35-44 urteko pertsonak eta 55-64 urtekoak dira tentsio handiena islatzen dutenak konfinamenduaren esperientziarekin, eta %27 eta %24 dira, hurrenez hurren, gaizki edo oso gaizki pasatu dutela adierazi dutenak. 64 urte baino gehiago dituztenak, aldiz, egoera nahiko ondo (%35) edo oso ondo (%22) gainditu duten taldeak dira.

Bizitza pertsonalean izan duten eragina ere desberdina izan da elkarrizketatutako pertsonen adinaren arabera. Kolperik handientzat jo dutenak gazteenak izan dira: 18 eta 44 urte bitartekoen artean, elkarrizketatutako pertsonek adierazi dute euren bizitza pertsonalean eragin handia duela, %70etik gora.

Pertzepzio horrek nabarmen egiten du behera 64 urtetik gorakoen artean, eta %41ekoa da. Aldaketa horiekin, bizi izandako egoerak euren bizitzan eragin handia edo dezentekoa izan duela uste dutenen portzentraje orokorra %52koa da.

Eragin handiena honako gai hauetan hautematen da: familia harremanetan eta harreman pertsonaletan (%56k adierazi du eragin oso handia edo nabarmena izan duela), lan egiteko moduetan (%51) eta gogo aldartean (%47).