CAFeko langile bat hil da, lanetik etxerako bidean auto istripua izan ondoren

Actualizado: martes, 15 octubre 2019 18:30

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

CAF enpresak Beasainen (Gipuzkoa) duen lantegiko langile bat hil da astearte honetan, lanetik etxera zihoala auto istripu bat jasan ondoren, ELA sindikatuak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Ezbeharra goizaldeko 05:00ak aldera gertatu da, astearte honetan, N-1 errepidean, Donostiara bidean, Ikaztegieta eta Alegia artean. Istripuan inplikaturiko auto baten gidaria tokian bertan hil da, beste bi autoren kontra talka egin eta errepidetik atera ondoren.

ELAk gertatutakoa deitoratu du eta babesa eta elkartasuna adierazi die hildakoaren senideei eta hurbilekoei. Gainera, jakinarazi du CAFeko langile batzordeak ordubeteko lanuztea egingo duela asteazkenean, urriaren 16an, 11:00etatik 12:00ak arte, enpresan bertan.

Sindikatuak gogoratu du aurten dagoeneko 40 pertsona hil direla euren lanpostuetan Hego Euskal Herrian. Zentzu honetan, salatu du etxerako edo lanerako bidean gertaturiko istripu gero eta gehiago dagoela eta asko ez direla datu ofizialetan agertzen.