Dbuseko autobusek 29,3 milioi bidaia baino gehiago egin dituzte azken 12 hilabeteetan, marka berria ezarriz

- DONOSTIAKO UDALA

Actualizado: lunes, 22 julio 2019 16:00

DONOSTIA, 22 (EUROPA PRESS)

Dbus konpainiako autobusek 29.311.304 bidaia erregistratu dituzte iazko ekainaren 30etik aurtengo data berberera. Kopuru hori "marka historikoa" da, Donostian autobusek historian izan duten erabilerarik handiena izan baita. Aurreko marka 2011ko ekainean lortu zen, 29.297.317 bidaiarekin.

Joan den urtean eta garai berean erregistratu ziren datuekin alderatuta, Dbuseko autobusek 653.165 bidaia gehiago egin dituzte aurten, hau da, %2,3ko igoera, Donostiako Udalak emandako datuen arabera.

Lineei dagokienez, 2019ko lehen seihilekoan gehien erabili den linea 28-Amara-Ospitaleak izan da, eta horren atzetik 13-Altza eta 5-Benta Berri lineak. Bidaiarien Garraio Publikoari buruzko UNE-EN 13816 arauaren arabera Aenor erakundear kalitate ziurtagiria duten hiru lineak dira, eta ziurtagiri horrekin linea horien zerbitzuaren kalitatea egiaztatzen da.

Era berean, urteko lehen sei hilabeteetan bidaia kopuruak gora egiten jarraitu du Antiguon, Berion, Ibaetan eta Igaran zerbitzua ematen duten lineetan (5-16-25-33-40-43-45 lineak), aparteko 10.000 bidaia baino gehiagorekin, eta Amaran zerbitzua ematen dutenetan (17-21-26-28 lineak), aparteko 12.000 bidaia baino gehiagorekin.

Halaber, Ekialdeko aldean aldaketa garrantzitsuena Altza eta Bidebieta lineetan (13-14 lineak) egon den hazkunde handia izan da, aparteko 23.000 bidaiari baino gehiago izan ditu eta. Aiete aldeko lineek (18-19-23-31-32-45 lineak) gora egiten jarraitu dute, duela hiru urte egin ziren hobekuntzen ondoren; aparteko 40.000 bidaia gehiago zenbatu dira.

Horrez gain, bigarren urtea da, jarraian, Gautxori zerbitzuek gorakada handia izan dutena. 2019ko lehen seihilekoan 1.123 bidaia gehiago zenbatu dira. Beste albiste oso positiboa izan da auzoen arteko lineetan bidaiak berreskuratu direla (24-27-41 lineak), aparteko 65.000 bidaia baino gehiago eduki dituzte eta. Horren arrazoia izan da Astiñeneko zubia ireki dela, 2018ko lehen seihilekoan itxita egon baitzen.

URTARRILAK 31

Bestalde, 2019ko lehen seihilekoan, urtarrilaren 31 izan zen autobusa gehien erabili zen eguna, 101.039 bidaiarekin, eta horren atzetik, maiatzaren 3a, 99.022 bidaiarekin (Real-Betis Kopako partida, Anoetan). Urtarrilaren 19an, San Sebastian bezperan, 88.573 bidaia zenbatu ziren, ohiko larunbat batean baino 25.000 bidaia gehiago.

Azkenik, lanegunetako autobusen batez besteko erabilera handiena izan da tarifak bateratu zirenetik, 91.986 bidaiarekin (2018an 90.746 bidaia). Larunbat eta jaiegunetako erabilerari dagokionez, lehen seihilekoan batez besteko erabilera 2018koa baino handiagoa izan da, bai eta tarifak bateratu zirenetik erregistratutako handiena ere: larunbatetan 69.050 bidaia erregistratu dira (66.029 bidaia 2018an) eta 40.021 jaiegunetan (39.169 bidaia 2018an).