Donostiako Udalak berriro babestuko du Zinemaldiko Donostia Hiria Publikoaren Saria

- DONOSTIAKO UDALA

Actualizado: miércoles, 18 septiembre 2019 12:53

DONOSTIA, 18 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udalak laugarren urtez jarraian babestuko du Zinemaldiko Donostia Hiria Publikoaren Saria. Europako Kultura Hiriburuaren esparruan jaio zen ekimena, Donostia 2016ren legatu gisa dirau eta udalak "herritarrei egiten dien omenaldia da", haiek ematen baitute saria bozketa bidez, Eneko Goia alkateak aurkezpenean azpimarratu duenez.

Goiak berak eta Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak aurkeztu dute asteazken honetan Donostia Hiria Publikoaren Saria. Perlak saileko filmak dira saria jasotzeko hautagaiak; nazioarteko beste zinemaldi batzuetan kritikaren txaloak edo sariak jaso dituzten film luzeek osatzen dute saila. Victoria Eugenia antzokian proiektatuko dira eta filmaren lehenengo emanaldira bertaratutako ikusleek aukeratuko dute irabazlea. Saria Zinemaldiaren amaiera galan emango da.

Donostia Hiria Publikoaren Sariak bi sari hartzen ditu barne: film onenaren saria, 50.000 euroz hornitua, eta Europako film onenaren saria, 20.000 eurokoa. Sariaren bitartez, "betiko hiriarekin lotuta geratuko dira bi filmak", Donostiako Udaletik nabarmendu dutenez.

Iaz, Raul de la Fuente eta Damien Nenow zuzendarien 'Un día más con vida / Another Day of Life' lanak irabazi zuen film onenaren Donostia Hiria Publikoaren Saria, eta ondoren, Goya saria, Europako Film Akademiako saria eta Platino saria eskuratu zituen animaziozko film onenaren kategorian. Halaber, 'Girl' Lukas Dhont zinemagilearen lehen lana Europako film onenaren sariaren irabazlea izan zen Donostian eta Cannesko Festibalean eta Europako Film Akademiako sarietan ere aintzatetsi zuten.

DOAKO SARRERAK

Bestalde, Donostiako Udalak Zinemaldirako 1.000 txartel banatuko ditu donostiar langabeen artean, ohikoa den bezala Udal!nfo bulegoan. Halaber, gizarte talde behartsuenen artean banatuko ditu sarrerak, gizarte zerbitzuen bitartez, haien egoera dela-eta zailagoa dutenez zinema aretoetarako sarbidea.

Sarrera-txartelen eskaera sarean egin ahal izango da, irailaren 21eko arratsaldeko 14:00ak arte. Eskaera sarean egin ezin dutenek 010 telefonora deituz edo Udal!nfo bulegoren batean eskatu ahal izango dituzte. Sarrerak Udal!nfo Bulego Zentralean soilik emango dira, Easo kaleko 41 zenbakian.