Durangoko Azokak aurtengo nobedadeen musika zerrenda kaleratu du lehen aldiz Spotify plataforman

Durangoko Azokak musika zerrenda Spotifyn.
DURANGOKO AZOKA
Actualizado: viernes, 15 noviembre 2019 12:32

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

Durangoko Azokak '54DA!' musika zerrenda publikoa osatu du lehen aldiz Spotify plataforman, abenduaren 5etik 8ra arte eskuratu ahal izango diren nobedadeekin. Zerrenda 49 talderen beste horrenbeste abestik osatzen dute, www.durangokoazoka.eus eta Spotify plataforman entzun daiteke, eta astero kanta berriak gehituko zaizkio, Azokako arduradunek iragarri dutenez.

Musika zerrendaren ezaugarri nagusia aniztasuna da. Izan ere, rock doinuak gailentzen diren arren, hainbat estilo nahasten dira, besteak beste, pop, trikitixa, klasiko, hip-hop, elektronika edota soula. Talde ezagunak eta hasiberriak ere tartekatzen dira.

Ibilbide luzeko taldeen artean, Zea Mays, Urtz, Doctor Deseo, En Tol Sarmiento, Maider Zabalegi, Willis Drummond, Eñaut Elorrieta, Ruper Ordorika, Yogurinha Borova, Keu Agirretxea, Xabi Solano, Pier Paul Berzaitz eta Korrontzi aurki daitezke, besteak beste. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen azken nobedadea ere agertzen da, edota Pello Reparazen Zetak taldearen singlea.

Hip-hop edo trap taldeek ere presentzia nabarmena izango dute, Xatiro, Mad Muasel, Gatom, Dupla, La Basu edo Revolta Permanent moduko taldeekin. Abesti guztiak "nobedadeak" diren arren, hainbat talderen abesti klasikoak ere agertzen dira, formatu ezberdinetan berriro kaleratuko direlako Azokan, eta, beraz, "nobedade" izango direlako. Horren adibide dira Skalariak, Hemendik at!, Hertzainak edo Berri Txarrak.

Talde ezagunekin batera, euren lehenengo diskoa atera duten hainbat talde ere agertzen dira zerrendan, Sua, Iñorkiñak, Saia Goait, Natali edo Serge bakarlaria, adibidez. Horrez gain, honako taldeek osatzen dute zerrenda: Nebrashka, Olatz Zugasti, Kaskezur, Eztanda, Unidad Alavesa, Nahiak Nahi, Agurtzane Elustondo & Ion Elustondo, Hiri Galduak, Mikel Iraeta, Xabi Aburruzaga & Mikel Markez, Thierry Biscary, Dientes de Luna, Belatz, Iñaki Palacios, Niña Coyote & Chico Tornado, Afrika Bibang eta Sutan.

Momentuz 49 banda agertzen diren arren, musika zerrendara abesti gehiago gehituko dira hurrengo egunetan, hainbat taldek oraindik ez dutelako euren nobedadea aurkeztu, besteak beste, Arkada Social, Skakeitan, Arima, Joseba B. Lenoir edo Onki Xin taldeak.