Durangoko Azokak zazpi guneek 200 kultur ekitaldi baino gehiago eskainiko dituzte

Aurtengo egitaraua eta nobedadeak aurkeztu dituzte Azokako eta guneetako arduradunek.
DURANGOKO AZOKA
Actualizado: miércoles, 20 noviembre 2019 13:39

264 erakusmahai egongo dira Landako Gunean, 405 nobedaderekin, eta, lehen aldiz 30 urtean, erakusmahaiak berriztuko dira

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Durangoko Azokako zazpi guneek 200 kultur ekitaldi baino gehiago eskainiko dituzte 54. edizioan, abenduaren 5etik 8ra, eta Bartolome Ertzilla Musika Eskolan jarduerak antolatuko dira lehen aldiz, Gogoetaren Plaza eta DA! PRO ekimena kasu. Guztira, 264 erakusmahai egongo dira Landako Gunean, 405 nobedaderekin, eta, lehen aldiz 30 urtean, erakusmahaiak berriztuko dira eta, ondorioz, Landakoko irudia aldatuko da.

Durangoko Azokako arduradunek aurtengo edizioaren nobedade eta datu orokorrak aurkeztu ditu asteazken honetan, azaroak 20, Bizkaiko udalerriko Bartolome Ertzilla Musika Eskolan egindako prentsaurrekoan. Bertan izan da Gerediagako presidente Nerea Mujika, eta Azokako guneetako ordezkariak: Johana Olabarria (Irudienea), Itsaso Gangoitia (Saguganbara), Arantza Arrazola (Szenatokia), Unai Pelayo (Ahotsenea), Esther Soto (Areto Nagusia), Ihintza Orbegozo (Plateruena) eta Gorka Julio (Kabi@).

Egitarauari dagokionez, 54. edizioan 200 ekitaldi baino gehiago egongo dira, 700 metrotan eta bost minutuko distantzian. Ahotsenean Euskal Herri osoko 111 talde, bakarlari eta idazle batuko dira, zuzenekoen karpan eta solasaldien gunean. Urtero bezala, sortzaile ezagunek sortzaile hasiberriekin partekatuko dute eszenatokia.

Irudienean, ikus-entzunezkoen gunean, mundu digitalarekin lotutako hainbat proiektu aurkeztuko dira: websailak, youtuberrak eta abar. Era berean, memoria historikoa lantzen duten dokumentalak eta fikzioak ere proiektatuko dituzte. Saguganbaran, familien espazioan, urtero bezala umeentzako ikuskizun eta lantegi ugari antolatu dituzte; aurten autoekoiztutako ipuinek indar berezia izango dute.

Areto Nagusian, urtero bezala, eragile, elkarte eta erakundeek euren egitasmoak aurkeztuko dituzte. Ekitaldirik bereziena "Throwing voices" izango da, Edinburgoko Liburu Azokarekin eta Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean.

Gogoetaren Plaza Musika Eskolan antolatuko da lehenengo aldiz, eta bertan landuko diren gaiak honako hauek izango dira: lizentzia libreak hedabideetan, euskal prentsa, kulturgintzaren profesionalizazioa eta euskara integrazio hizkuntza gisa. Kabi@ kultura digitalaren gunea izango da, eta ohiko topaketez gain oso aurkezpen interesgarriak egingo dituzte. Egitaraua, gainera, kontzertu batekin amaituko dute: 'Mauriziak ez du inor hil'.

Szenatokian, bere aldetik, Kukai dantza taldearen 'Erritu' ikuskizuna izango dute, eta asteburuan Dantza eta Antzerki Laburren Jaialdia egingo dute, hamar konpainia eta 30 emanaldirekin. Plateruenan, azkenik, kontzertu handiez gozatzeko aukera egongo da: ETS, Zetak, Arkada Social eta amaitzeko, Maider Zabalegi.

MUSIKA ESKOLA

Asteazken honetako prentsa agerraldia Musika Eskolan antolatu da, Landako Gunearen atzealdean, espazio hori izango baita aurtengo nobedade nagusietako bat: "Azken urteotan Azoka handitzen ari da eta Durangon zehar zabaltzeko ahaleginetan gabiltza. Edizio honetan Musika Eskola espazio berri bat izango da: hemen antolatuko dira inaugurazio ekitaldia, Gogoetaren Plaza eta DA! PRO egitasmoa".

Hain zuzen, DA! PRO ere 54. edizioko beste berritasun bat izango da. Lehenengo aldiz, Durangoko Azokak Euskal Herriko programatzaile eta musikaren sektoreko sortzaile eta profesionalen arteko topaketa antolatu du, Musika Bulegoarekin elkarlanean. Azokako lehen egunean izango da, abenduaren 5ean, goizean zehar.

Landako Gunean ere berritasunik ere egongo da, 30 urtean lehenengo aldiz, Azokak erakusmahaien irudia aldatuko baitu eta, horrela, "Landakoko argazki orokorra aldatuko da". "Gure asmoa gaur eguneko tendentzietara egokitzea eta erakusmahaiak errazago identifikatzea izan da. Erakusmahaiak egurrezkoak izango dira eta errotulazioetan kolore desberdinak eta ikonoak izango dituzte. Azokak bere burua eguneratzeko ahaleginetan jarraitzen du", azaldui dute.

54. edizioan 264 erakusmahai egongo dira: 240 handi eta 24 txiki. Aurreko urteetan baino eskari gehiago jaso dituztela jakinarazi dute. Produktuei dagokienez, 405 nobedade egongo dira: 273 liburu, 91 disko, 16 aldizkari, 5 ikus-entzunezko eta 20 bestelakoak. Autoekoizleen plazan, bere aldetik, 14 sortzaile batuko dira, disko, liburu eta ikus-entzunezkoekin.

Bestalde, Azokako bigarren egunean, abenduaren 6an, Sormen Bekaren irabazleak zeintzuk diren jakinaraziko da. Aurtengo gaia musika da, eta, beraz, diziplina horrekin lotuta egondako proiektu bat izango da sariduna. Era berean, iazko irabazleek euren proiektua aurkeztuko dute: 'AtopiaRPG' euskarazko lehenengo rol jokoa.

AURREKONTUA

Gerediagako presidenteak azaldu duenez, Durangoko Azokako aurrekontua 668.450 eurokoa izango da 54. edizioan. "Aurrekontu horrekin Azokak egiten duten ekarpena handia da; alde batetik euskal kulturaren transmisio eta zabalkundeari dagokionez, eta bestalde alderdi ekonomikotik sektoreari eta Durangaldeari egiten diona", adireazi du.

Ekarpen horri lotuta, azken egunean, abenduaren 8an, prentsaurrekoa antolatuko du Durangoko Azokak, Siadeco taldearekin batera, Azokaren eragin ekonomikoaren inguruko ikerketa aurkezteko.

Azkenik, Gerediagako presidenteak Azokara garraio publikoz etortzeko gonbitea egin die azokazaleei. Autoz joango direnentzat doako autobus zerbitzua egongo dela gogoratu du, Landakotik Iurretako ordainlekuaren inguruko aparkalekuetaraino, 20 minutuko maiztasunarekin.