EAEko biztanleen %7 atzerritarrak ziren 2018ko hasieran

Atzerritar jatorriko langile bat
ENPLEGU MINISTERIOA - Archivo
Actualizado: martes, 11 diciembre 2018 10:34

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) biztanleen %7, hau da, 152.187 pertsona, atzerritarrak ziren 2018ko urtarrilaren 1ean. Portzentajea apur bat ezberdina da lurraldearen arabera: Arabak du proportzio altuena, %8,7rekin; ondoren Gipuzkoa dator, %7,2rekin; eta azkenik Bizkaia dago, %6,4rekin, Eustaten datuen arabera.

EAEko atzerriko egoiliar guztien artean, amerikarrak %35 dira. Nikaragua, Kolonbia, Bolivia eta Paraguaikoak gailentzen dira talde horretan, atzerritar guztien %18,2 eta amerikarren %51,8 izanik. Sexuari dagokionez, egoiliar amerikarren artean %63 emakumeak dira.

Halaber, EAEn bizi diren europarrak atzerritarren %26,9 dira. Talde horretan Errumaniakoak nabarmentzen dira, atzerritar guztien %12,2 eta europarren %45,2 baitira. Bigarrenik, nahiko urruti, Portugalekoak dira, EAEn bizi diren atzerritarren %15,2 izanik. Sexuen araberako partiketan ez da ia alderik gizatalde horretan.

Jatorria Afrikako herrialdeetan duten pertsonen proportzioa EAEn %28,7 da, eta afrikarren erdiak Marokokoak dira (%50,3). Ondoren datoz Aljeria, Nigeria eta Senegalekoak, %13,3, %10,4 eta %10,2rekin, hurrenez hurren. Lau nazionalitate horietarikoak dira afrikarren %84,2. Sexuari dagokionez, %60 baino gehiago gizonak dira.

Azken tokian daude Asia edo Ozeaniatik etorritako bizilagunak, atzerritarren %9,3 izanik. Horien artean, Txina eta Pakistangoak nagusi9 dira, taldeko %78,6 izanik.

LURRALDEAK

Lurraldekako banaketari dagokionez, Araban afrikarrak dira gehiengoa duen kolektiboa (%38). Amerikarrak ia %26 dira, eta horietarik ia laurdenak Kolonbiakoak dira. Errumaniakoak europarren %29 dira. Marokokoak afrikarren ia erdiak dira (%48,1), eta ondoren Aljeriakoak eta Nigeriakoak daude. Pakistangoak Asiatik etorritakoen %56,8 dira.

Bizkaian amerikarrak dira nagusi (%38), eta horietan Bolivia, Paraguai, Kolonbia eta Nikaraguakoak nabarmentzen dira (ia %60). Europarren artean, Errumaniakoak nagusi dira (%60), eta afrikarren artean, Marokokoak (%46,2). Asiarren artean, Txinakoak (%55) eta Pakistangoak (%21) nabarmentzen dira.

Gipuzkoan nolabaiteko oreka dago europarren eta amerikarren artean. Hondurasetik etorritakoen tamaina nabarmentzen da, EAE osoan bizi diren ia %68 Gipuzkoan baitaude. Errumaniarrak ez dira hain ugariak Gipuzkoan beste lurraldeen aldean. Afrikarrak proportzio txikienean dira Gipuzkoan EAEn: gehienak marokoarrak dira (%58,5), eta ondoren aljeriarrak eta senegaldarrak daude. Asiarren artean, pakistandarrak erlatiboki batez bestekoaren gainetik daude.

ATZERRIAN JAIOTAKOAK

Bestalde, 2018ko urtarrilaren 1ean, EAEn bizi ziren atzerrian jaiotako bizilagunak 207.743 ziren, hau da, biztanle guztien %9,5. Horrek nahi du esan ezen gizatalde horretako 60.000 pertsona inguruk
eskuratu dutela nazionalitate espainiarra edo jatorriz zutela zio familiarrengatik edo bestelakoengatik.

EAE osokoa baino atzerrian jaiotako pertsonen portzentaje handiagoa dutenak 61 udalerri dira: 19 Arabakoak, eta %10en gainetik daude 18 udalerri, gehienak Errioxakoak. Hori hala bada ere, ehuneko handienak dituzten udalerriak barreiatuak daude: Izurtza, %18ren gainetik, Navaridas (%17,7), Berriatua (%17,7), Mañueta (%16) eta Ordizia (%15,9).

Beste muturrean, bost udalerritan ia ez dago atzerriko jatorria duten biztanlerik: hiru Gipuzkoakoak dira (Aduna, Mutiloa eta Orexa), eta bi Arabakoak (Lagran eta Harana). Biztanle gutxiko udalerriak dira, handienak, Adunak, 480 biztanle baititu soilik, eta atzerrian jaiotakoen proportzioa %2ren azpitik da.

Azkenik, EAEko hiru hiriburuek atzerrian jaiotakoen portzentaje handiagoak dituzte EAEk baino: Gasteizek handiena, %12,7, Bilbok %11,3 eta Donostiak %10,6 biztanle guztien artean.