EAEko esportazioak %3,8 jaitsi eta inportazioak %5,1 gehitu dira urteko lehen hiruhilekoan

EAEko esportazioak %3,8 jaitsi eta inportazioak %5,1 gehitu dira urteko lehen hiruhilekoan
BILBOKO PORTUA - Archivo
Actualizado: martes, 21 mayo 2019 10:41

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) esportazioen zenbatekoa 6.177,6 milioi eurokoa izan da 2019ko lehen hiruhilekoan, iaz baino 243,6 milioi gutxiago, hau da, %3,8ko beherakada. Aitzitik, inportazioak 5.159,2 milioi eurokoak izan dira, 2018ko aldi berean baino 250,8 milioi gehiago, hots, %5,1eko igoera, Eustat estatistika erakundeak landutako datuen arabera.

Esportazioen zifrari ekarpen handiena egin dion lurraldea Bizkaia izan da, 2.270,7 milioi eurorekin, ondoren Gipuzkoa, 2.073,7 milioirekin, eta azkenik Araba, 1.833,2 milioirekin. Horrela, Bizkaiko esportazioak dira EAEko garrantzitsuenak, urte artean %9,2ko beherakada izan duten arren (230,0 milioi gutxiago). Araban %11,2ko beherakada izan da esportazioetan (230,7 milioi gutxiago), eta Gipuzkoan, berriz, %11,7 egin dute gora (217,1 milioi gehiago).

Produktu esportatuaren mota kontuan hartuta, batez ere produktu energetikoek metatu dute beherakada, 180,6 milioi euro gutxiagorekin. Produktu ez energetikoek ere egin dute atzera, 63,0 milioi, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean.

Urteko lehenengo hiruhilekoan gehien esportatu diren sei produktuek guztizkoaren %35,4 metatu dute, 2.185 milioi euroko zenbatekoarekin. Horrela, produktu horietatik lauk nabarmen egin dute behera aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, eta gainerako biek gora egin dute.

Beherakaden artean, gehienak automobilaren sektorearekin daude lotuta: hamar pertsona baino gutxiagoko turismoek %24,3 egin dute behera (179,2 milioi gutxiago), zamak garraiatzeko ibilgailu automobilek %18,2 (86,8 milioi) eta automobilentzako zati eta osagarriek %11,1 (58,2 milioi). Gainera, petrolioaren olio finduek %33,4 beherakada izan dute (151,3 milioi).

Aitzitik, kautxuzko pneumatiko berriek %8,0 egin dute gora (20,2 milioi), eta trenbideetarako eta tranbia autopropultsatuetarako automotorrek %400,3 (155,8 milioi gehiago).

Halaber, 2019ko lehenengo hiruhilekoko esportazioen herrialdeen zerrendan Frantzia da hartzaile nagusia, guztizko esportazioen %16,1 metatuta. Ondoren daude Alemania (%15,6), Erresuma Batua (%8,2) eta AEB (%7,5). Lau herrialdeen artean metatu dute leehen hiruhilekoan izandako euskal esportazioen ia %50.

INPORTAZIOAK

Bestalde, inportazioei dagokienez, EAE osorako metatua 5.159,2 milioi eurokoa izan da 2019. urteko lehen hiruhilekoan, aurreko urteko aldi berean baino 250,8 milioi gehiago, hau da, %5,1 gehiago. Produktu energetikoen inportazioa %2,9 jaitsi da, eta produktu ez energetikoenak %8,1 gehitu.

Neurri handi batean, Gipuzkoak eragin du hazkundea, 1.125,2 milioi euroko inportazio metatuekin, %15,1eko igoera izan baita aldi horretan, hau da, 147,6 milioi gehiago aurreko urteko hiruhileko beraren aldean. Bizkaiko inportazioak 108,7 milioi euro gehitu dira (2.922,2 milioi guztira), eta Arabakoak 5,5 milioi euro gutxitu (1.111,7 milioi).

Modu honetan, esportazioak eta inportazioak kontuan hartuta, EAEko ondasunen kanpo merkataritzak 1.018,4 milioi euroko saldo positiboa izan du 2019ko lehenengo hiruhilekoan. Saldo hori 494,3 milioi euro gutxiago den arren aurreko urteko lehene hiruhilekoan izandakoaren aldean, aldeko estaldura tasa mantentzea ahalbidetu du: %119,7.