EAEko hotel, landa ostatu eta apartamentu turistikoek 3,4 milioi sarrera erregistratu dituzte 2019an, %3,6 gehiago

Landa ostatu bat.
EUROPA PRESS - Archivo
Actualizado: lunes, 27 enero 2020 11:06

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hotel, landa ostatu eta apartamentu turistikoek bidaiarien 3.441.967 sarrera erregistratu dituzte 2019. urtean, aurrekoan baino %3,6 gehiago, Eustat euskal estatistika erakundeak astelehen honetan plazaratu dituen datuen arabera.

Lurralde bakoitzari dagokionez, Bizkaian erkidego osoko sarreren %46,9 bildu dira, eta %3,9ko igoera erregistratu da; Gipuzkoan, sarrera guztien %39,7rekin, %5,6 igo dira; Araban, ordea, sarrera guztien %13,4rekin, %2,9 murriztu dira.

Halaber, gaualdiak 7.021.938 izan dira 2019an EAEko hotel, landa ostatu eta apartamentu turistikoetan, aurreko urtean baino %3,3 gehiago. Lurraldeka, Bizkaian eta Gipuzkoan gaualdiak %2,6 eta %5,2 gehitu dira, hurrenez hurren, baina Araban %0,1 gutxitu.

Bestalde, abendua bakarrik kontuan hartuta, EAEko hotel, landa ostatu eta turismo apartamentuek 226.090 sarrera erregistratu zituzten, 2018ko abenduan baino %2,5 gehiago. Hiru lurraldeetan izan ziren hazkundeak: Bizkaian sarrera guztien %49,3 metatu ziren, %3,3 gehituz; Gipuzkoan sarrera guztien %36,3 izan ziren, eta igoera %2,2koa izan zen; Araban, sarrera guztien %14,3rekin, %0,5 gehitu ziren.

Azkenik, EAEko establezimendu turistiko hartzaileen guztirako ostatu gauek ez zuten aldaketa esanguratsurik izan joan den abenduan (%0,0), 2018ko hil berarekin alderatuta. Lurraldeka, gaualdiak %0,7 igo ziren Gipuzkoan, baina %0,3 eta %1,2 jaitsi Bizkaian eta Araban, hurrenez hurren.