Prezioak %1,1 garestitu ziren urrian EAEn eta urte arteko tasa %0,5 da

Zapata denda bat.
EUROPA PRESS - Archivo
Actualizado: jueves, 14 noviembre 2019 11:00

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Kontsumo Prezioen Indizeak (KPI) %1,1eko gorakada izan zuen Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) joan den urrian, aurreko hilarekin alderatuta, eta, igoera horren ondorioz, urte arteko tasa %0,5 da. Halaber, prezioak %1,3 garestitu dira EAEn 2019ko urtarriletik urrira bitartean, INE espainiar estatistika erakundeak ostegun honetan argitaratu dituen datuen arabera.

Jantzi eta oinetakoak sektorean gehitu ziren gehien prezioak urrian, irailaren aldean, %13,1eko gorakadarekin. Elikagai eta alkoholik gabeko edarietan (+%1,6), etxebizitzan (+%1,1), hezkuntzan (+%0,8), tresnerian (+%0,6), besteetan (+%0,4) eta alkoholdun edari eta tabakoan (+%0,3) ere gehitu ziren prezioak urrian, aurreko hilaren aldean. Bestalde, prezioak ez ziren aldatu medikuntzan, irailaren aldean, eta aisia eta kulturan (-%1,5), hotel, kafe eta jantokietan (-%0,9), garraioan (-%0,2) eta komunikazioetan (-%0,2) jaitsi egin ziren.

Halaber, 2018ko urriarekin alderatuta, etxebizitzan bakarrik merketu dira prezioak aurtengo urrian (-%4,1), aisia eta kulturan ez dira aldatu, eta gainontzeko sektoreetan garestitu egin dira: elikagai eta alkoholik gabeko edarietan %1,6, hezkuntzan eta besteetan %1,5, tresnerian %1,4, hotel, kafe eta jantokietan %1,3, komunikazioetan eta jantzi eta oinetakoetan %1,0, alkoholdun edari eta tabakoan %0,1, eta medikuntzan eta garraioan %0,8.

Azkenik, 2019ko urtarriletik urrira, prezioen beherakadak izan dira etxebizitzan (-%3,7) eta aisia eta kulturan (-%1,5), beste sektore guztietan gorakadak izan diren bitartean: garraioan %5,2, hotel, kafe eta jantokietan %2,7, elikagai eta alkoholik gabeko edarietan %2,6, hezkuntzan %1,4, besteetan %1,3, komunikazioetan %1,1 eta alkoholdun edari eta tabakoan, jantzi eta oinetakoetan, tresnerian eta medikuntzan %0,9.