EHUren XIX. Zientzia Astean parte hartzeko ikastetxeentzako izen-ematea astelehenean zabalduko da

Zientzia Astea.
UPV-EHU - Archivo
Publicado: domingo, 13 octubre 2019 12:36

BILBO, 13 Oct. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) XIX. Zientzia Astean parte hartzeko ikastetxeek izena emateko epea hasiko da astelehenean, urriaren 14an. Izen-ematea www.zientzia-astea.eus webgunean egin beharko da, eta erreserbak egiteko hurrenkera kontuan hartuko da. Taldeak 15 ikasle baino gutxiagokoak izan beharko dira.

EHUk jakinarazi duenez, Zientzia Astearen baitan, txoko zientifikoetan zehar ibilbide pedagogikoak antolatuko dira ikastetxeentzako. Ibilbide horietan, txokoetako adituek gidatutako esperimentuak, jolasak, erakustaldiak eta abar garatuko dira, euskaraz eta gaztelaniaz, modu erraz, entretenigarri eta ulergarrian, ikasleak zientzia eta teknologia mundura hurbiltzeko asmoz.

DBHko eta Batxilergoko ikasleentzako bisitak azaroaren 6, 7 eta 8an egin ahal izango dira Bilbon eta Barakaldon, eta azaroaren 7 eta 8an Donostian eta Gasteizen. Ordutegia honakoa izango da: 09:30etik 14:00etara eta 15:30etatik 17:00etara.

Zientzia Astea ekitaldi ludiko eta pedagogikoa da, eta, horren bidez, EHUk zientzia hurbuldu nahi dio gizarteari, "bere benetako xarma erakutsiz eta gazte, heldu eta umeen jakin-mina piztuz". Azaroaren 6tik 10era bitartean Bilbon eta Barakaldon egingo da XIX. Zientzia Astea, azaroaren 7tik 9ra Donostian, eta azaroaren 7tik 10era Gasteizen. Bilbon, Bizkaia Aretoan izango da; Barakaldon, Clara Campoamor zentroan; Donostian, Tabakaleran eta, Gasteizen, Bibat Museoan.