Eider Rodriguezek irabazi du Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria ere

Actualizado: miércoles, 17 octubre 2018 13:14

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Eider Rodriguez idazle errenteriarrak eskuratu du Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako 2018ko Euskadi Literatura saria ere, "Santa Familia" lanari esker. Duela bi aste jakinarazi zuten Rodriguezentzat izango zela Euskarazko Iiteraturako Euskadi saria ere, "Bihotz handiegia" liburuarengatik. Urte berean idazle batek bi sari jasotzen dituen lehen aldia da.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak asteazken honetan iragarri ditu 2018ko Euskadi Literatura sarietako azken lau irabazleak, Bilboko Azkuna Zentroan izandako ekitaldi batean.

Horrela, Errenteriako idazlearekin batera, Euskarazko Saiakerako saria Kepa Altonagarentzat izan da, "Patagoniara Hazparnen barrena" lanarengatik, eta Euskarazko Literatura Itzulpeneko saria Irene Aldasororentzat, "Gailur Ekaiztsuak" lanari esker (Emily Brontë). Gainera, Karmelo Caballerok irabazi du Gaztelaniazko Literaturako Euskadi saria, "Mientras me alejo" liburuari esker.

Zupiriak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak eman baina zazpi epaimahai espezializatuek erabakitzen dituzten sari hauek bi helburu nagusi dituzte: sortzaileen lana aitortzea eta agerikoagoa egitea. "Sari hauei esker gehiago hitz egiten da gure sortzaileek egindako literaturaz. Gure literatura jomugan jartzen dugu, saridunek egiten dutena eta gainontzekoa", adierazi du.

Aurtengo Euskadi Literatura sariak azaroaren 27an banatuko dira, Gasteizko Artium Museoan egingo den ekitaldi batean. Zazpi modalitateetako irabazleak izango dira bertan. Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada.

Joan den urriaren 1ean beste hiru sarien irabazleak jakinarazi ziren: Euskarazko Literaturakoa Eider Rodriguez ("Bihotz handiegia"), Gaztelaniazko Saiakerakoa Santos Zunzunegui ("Bajo el Signo de la Melancolía") eta Literatura Lanaren Ilustraziokoa Yolanda Mosquera ("La pequeña Roque (Guy de Maupassant)").