Ekai Lersundi trans gaztearen istorioari buruzko dokumentala estreinatuko dute Zinegoak-eko hasiera ekitaldian

Dokumentalaren eszena bat.
ZINEGOAK
Actualizado: martes, 18 febrero 2020 17:32

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Ondarroako (Bizkaia) Ekai Lersundi trans gaztearen istorioa biltzen duen 'Mi pequeño samurai' dokumental laburra estreinatuko dute otsailaren 24an, Bilboko Arriaga antzokian, Zinegoak Gaylesbitrans Zinema eta Arte Eszenikoen Nazioarteko Jaialdiaren 17. edizioaren hasiera ekitaldian. Ekai Lersundik bere buruaz beste eginda hil zen, 2018an.

Dokumentala aurkezteko prentsa agerraldia egin dute astearte honetan, Bilborock aretoan, Arantza Ibarra lanaren zuzendariak, Izaskun Arandia ekoizleak, Ana Martinez eta Elaxar Lersundi Ekairen ama gurasoak eta Zinegoak jaialdiko arduradunak.

Ibarrak azpimarratu du obraren helburua ahalik eta jende gehienari laguntzea dela: "Ez dugu nahi gai honengatik heriotza gehiago egotea. Dokumental honekin ahal den guztia aldarrikatu, ikusarazi, normalizatu eta babestu nahi dugu, mugak apurtzen jarraitu nahi dugu".

Lanaren zuzendariak azpimarratu duenenez, "Elaxarrek eta Anak euren semearen alde borroka egiten dute, eta beraiek bezala, euren egoera berean dauden guraso gehiago daude. Eurentzat lagungarria izatea espero dugu, bakarrik sentitu ez daitezen".

Ibarra bera ere Ondarroakoa da, eta, beraz, gertutik ezagutu du kairen istorioa. "Ideia horrela sortu zen: jakin izan nuen nire herriko lagun batzuek semea galdu zutela suizidioaren ondorioz, berak bizi zuen borroka etengabearen ondorioz. Gizarteak ipintzen zizkion traba eta arazo guztiei aurre egin behar izan zien. Ideia horrek etengabe astintzen ninduen barruan, eta zerbait egiteko beharra sentitzen nuen. Hain inpotentzia indartsuarekin sentitzen nintzen, atera beharra nuela, eta bera bezala sentituko zirenei lagundu, ahal den neurrian", azaldu du.

21 minutuko dokumentalean, Elaxar Lersundiren eta Ana Martinezen testigantzak jaso dituzte, bai eta Naizen adingabe transexualen familien elkartearenak eta Ondarroako hainbat bizilagunenak ere. Film laburraren zatirik handiena 2019ko otsailaren 15eko asteburuan grabatu zen, Ekairen omenezko egunean, hil eta urtebetera.

Zuzendariak zein Elaxarrek eta Anak euren herriaren babesa eskertu nahi izan dute: "Ondarroa irauli egin zen hasieratik. Hilabete batzuk eman genituen dokumentala egiteko dirua biltzen eta jendeak asko lagundu zigun. Eskerrak eman nahi dizkiogu bere ekarpena egin duen jende guztiari: gurekin lan eginez, ekarpen ekonomikoa eginez...".

Ibarra pozik eta hunkituta agertu da dokumentalaren estreinaldia Zinegoak jaialdiaren inaugurazio ekitaldian egingo delako. Bere hitzetan, "Elaxarrek eta Anak ez dute oraindik dokumentala ikusi. Erabaki dugu film laburra ikusten duten lehen aldia Arriaga antzokiko pantaila handian izatea, euren senide eta lagunen babesarekin".

SUIZIDIOARI IKUSGARRITASUNA

Bestalde, Pau Guillen Zinegoak jaialdiko zuzendariak nabarmendu duenez, jaialdiaren aurtengo edizioaren helburuetako bat LGTBI+ biztanleriaren barruan bizi den suizidioari ikusgarritasuna ematea izango da. Gai hori agertuko da, besteak beste, 'Tu me manques' edo 'Let there be light' pelikuletan, eta bietako zuzendariak Bilbora gerturatuko dira filma aurkeztera.

Zinegoak jaialdiaren hasiera ekitaldia otsailaren 24an izango da, 20:00etan, Arriaga antzokian. 'Mi pequeño gran samurai' filmaren proiekzioaz gain, Pepa San Martin zuzendari txiletarrak Zinegoak 2020 Ohorezko Saria jasoko du, eta Dorian Wood artistaren emanaldia ere izango da.

Inaugurazio galaz gain, Arantza Ibarraren dokumentalak beste bi proiekzio izango ditu: martxoaren 3an, 17:30ean, BilbaoArteko Art House Zinema aretoan, eta martxoaren 6an, 18:00etan, Bilborocken. Gainera, Bilbon jaialdia amaitu ondoren, ZG Hedapena hasiko da, eta 70 proiekzio baino gehiago eskainiko ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 60 herritan. Guillenek adierazi du 'Mi pequeño gran samurai' dokumentala herri gehienetan proiektatuko dela, LGTBI+ biztanleriaren barruan ematen den suizidioari ikusgarritasuna ematen jarraitzeko eta "izateko, sentitzeko, maitatzeko eta bizitzeko hamaika modu baino gehiago" daudela aldarrikatzen jarraitzeko.