Eneka Fernandez eta Raisa Alava artistek auto-edizioarekin lotutako proiektu bana egingo dute Poloniako Wroclaw hirian

Eneka Fernandez eta Raisa Alava artistek auto-edizioarekin lotutako proiektu bana egingo dute Poloniako Wroclaw hirian
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Actualizado: martes, 21 mayo 2019 12:54

DONOSTIA, 21 (EUROPA PRESS)

Eneka Fernandez eta Raisa Alava euskal artistek proiektu bana garatuko dute Poloniako Wroclaw hirian, AIR Wro (Artists in Residence Programme) programaren baitako udako egonaldietan. Aurtengo programaren gaiarekin lotuta, auto-edizioan oinarritutako ekintza kultural bana burutuko dute.

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, Imanol Otaegi Etxepareko Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak eta bi artistek prentsa agerraldia egin dute Donostian, astearte honetan, AIR Wro programaren aurtengo edizioko nondik norakoak azaltzeko.

Eneka Fernandez pasaitarraren egonaldiaren helburua da hiriko auto-edizio eszenaren erregistro edo mapaketa bat egitea. Proiektuaren lehen fasean, auto-edizioaren munduan dauden eragile guztiak identifikatuko ditu (autoreak, editoreak, inprimategiak, diseinatzaileak, liburu-dendak, bildumak eta abar), bai eta horien guztien kokapena eta kontaktua lortu ere, etorkizun batean elkarren berri izateko helburuarekin.

Prozesuak ikerketa fisiko eta digital sakona eskatuko du, auto-edizioarekin lotutako pertsonekin elkarrizketak eginez edota liburutegi, liburu denda, arte eskola edo estudioetara bisitak eginez. Proiektuaren lehen fasea amaitzeko, emaitza guztiak mapa fisiko eta digital batean irudikatuko ditu artistak, eta, horrez gain, ikerketaren emaitza ekintza ireki batean partekatuko da, lana jasotzen duen argitalpena bertan erakutsiz.

Proiektuaren bigarren fasean, mapaketan identifikatutako eragile eta sortzaileen arteko topaketa antolatzeko asmoa du Fernandezek, "Autoedizioen klinika" izena eman dion ekintza batean. Euren argitalpen prozesuetan zalantza edota arazoak topatu dituzten pertsonek hartuko lukete parte bertan, eta topaketak euren arazoei irtenbideak emateko eta, elkartrukearen bitartez, proiektuak aberasteko helburua izango du.

Elkartruke horrek bere egonalditik haratagoko ibilbidea izan lezakeela aitortu du Fernandezek, helburua baita formatu horri jarraipena ematea, bertako argitalpen panoramari ekarpena eginez.
Eneka Fernandezen egonaldiak sei asteko iraupena izango du, ekainaren 3tik uztailaren 14ra; jendaurreko ekintzak, mapaketaren aurkezpena eta topaketa, uztailaren 12tik 14ra bitarte egingo dira.

KOMIKIGINTZA

Bestalde, Raisa Alava aiararrak hiru asteko ikerketa bisita bat egingo du Wroclawra, ekainaren 3tik 23ra. Bere proiektuak, batez ere, komikigintzarekin izango du zerikusia, auto-edizioaren munduaren baitan.

Bisitaren barruan, ekainaren 15ean eta 16an, komikigintzarekin lotutako lantegi ireki bana egingo du, "Do it Yourself! Do it Basque way!" izenarekin, Culture Zone Wroclaw erakundeak horretarako aukeratutako lekuan. 14 urtetik gorako edozeinek eman ahal izango du izena, eta komikiaren aspektu ezberdinak landuko dira, besteak beste, marrazketa eta gidoi teknika ezberdinak.

Horrez gain, norberak komiki bat sortu eta argitaratzeko tresnak aurkeztu, azaldu eta garatuko ditu Alavak lantegian parte hartzen dutenekin, nahi duen edonork komiki bat argitaratu dezakeela erakusteko asmoz.

AIR WRO

Poloniaren eta Euskal Herriaren arteko elkarlana 2014an hasi zen, Donostia eta Wroclaw 2016an Europako Kultur Hiriburu izateko prestaketak medio. Ordutik 13 euskal artistak egin dute egonaldia Wroclaw hirian AIR Wro programaren bidez. Culture Zone Wroclaw erakundeak kudeatzen du programa gaur egun, eta Etxepare Institutuak Donostia 2016ren legatu bezala eman die jarraipena egonaldiei. Horrela, euskal artistei euren prestakuntzarako eta euren lanaren zabalkunderako plataforma eskaintzen die institutuak eta mugikortasuna, kultura arteko elkarrizketa eta nazioarteko elkarlana sustatzen ditu.

AIR Wro programaren xedea da kultura eta artearen alor ezberdinetan jarduten duten sortzaile europarren lana lagundu eta sustatzea, beti ere, euren lana hiri identitatea eta kultura kontzeptuen inguruan burutzen badute. Izan ere, egonaldi artistiko hauen azken helburua hiri modernoaren arazoen konponbiderako praktika egokiak aurkitzea eta bitartekaritza sustatzea da.

Aurtengo udako egonaldien gaiari "Self-publishing laboratory" edo "Auto-edizioaren laborategia" izena jarri diote. Auto-edizioa gero eta praktika zabalagoa da europar hiri modernoetan, eta guztiz lotua dago diseinu grafikoan, narrazio alternatiboan edota DIY proiektuetan (Do It Yourself edo Egin Ezazu Zuk) aritzen diren artistekin.

Gainera, Interneten sarbide masiboak plataforma paregabea eskaini die diseinatzaile eta artista horiei, haiek sortutako lanak euren kabuz zabaldu ahal izateko. Egun, kultura independentearen eta mugimendu sozialen tresna garrantzitsuenetarikoa da auto-edizioa.

Laborategi honek, Alava eta Fernandezen proiektuez gain, Dresdengo Irène Mélix artistaren egonaldi bat ere izango du, eta hiriko LGBTIQ komunitateak eta euren historia aztertuko ditu. Ikerketa guztiek, amaieran, entzulegoaren aurrean aurkezpen bat egitea eskatuko dute, eta ekintza horiek denak Tamka Art-Hub & Club gunean egingo dira, hain zuzen ere, Wroclawko kultura independentearen gune esanguratsu batean.